(Berria) Presoak hasi dira Euskal Herrira ekartzeko eskaerak aurkezten

13/03/2014
berria preso sustengu 2011

Txus Martin presoaren aldeko plataformak 2011n Zaballara egindako martxa. Gaixotasun larria du. / J. HERNAEZ/ ARP

Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gora dituztenak aska ditzatela galdegiten ari dira astelehenaz geroztik.
Gainerakoek Zaballara edo etxetik gertura aldatzeko eskatuko dute, txandaka.

2014-03-12

Aitziber Laskibar Lizarribar

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) hasita dago Euskal Herriratzeko eskaerak formalki egiten. BERRIAk jakin duenez, astelehenean hasi zuen ekinaldia, eta ekainarekin batera amaituko du. Marixol Iparragirre eta Jon Olarra EPPKren mintzaideek otsailean egunkari honi eskainitako elkarrizketan azaldu zuten bezala, Arabako Zaballa espetxera eramateko eskatuko dute Espainiako presondegietan daudenek. Frantziakoetan dituztenek etxetik gertuen dauden espetxeetara eramateko eskatuko dute.

Eskaera pertsonalak dira herenegundik egiten ari direnak, preso bakoitzak banan-banan aurkeztutakoak. Baina EPPK-k orain arteko adierazpenetan nabarmendu duenez, kolektiboa da neurria; iazko udan egindako hausnarketaren ondorioz hartutako erabaki bateratua. Eskakizunak kide guztiek egitea da asmoa, baina ez dituzte guztiek aldi berean egingo. Premien araberako sailkapena egin dute, eta multzoka banatu dituzte proposamenak egiteko epeak.

Osasun arazoengatik egoerarik okerrenean dauden presoek abiatu dute ekinaldia. Egoera larrienei irtenbidea berehala ematea premiazkoa dela eta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak ari dira astelehenaz geroztik eskakizunak euren presondegietan aurkezten. Adinagatik kartzela eragin bereziki kaltegarria egiten ari zaiela eta, 70 urtetik gora dituztenak ere ari dira espetxeetan eskaera egiten

.
Gainontzeko presoek egingo duten bezala, Euskal Herrira eramatea galdegiten ari dira lehen multzoko preso horiek. Baina ez hori bakarrik. Espetxea eta haien osasuna ez direla bateragarriak argudiatuta, berehala aska ditzatela ere eskatzen ari dira.

Gainontzeko presoei dagokienez, espetxean egindako denboraren araberako sailkapena egin du kolektiboak, kartzela urteek pertsonarengan eragin zuzena dutela ikusi duelako. Hartara, bizkar gainean espetxealdirik luzeenak dituztenek abiatuko dute bigarren txanda, apirilarekin: azken hogei urteak baino gehiago preso daramatzatenek.

EPPKren zuzendaritza osatzen duten hogei kideak ere sartuko dira bigarren multzo horretan. Kolektiboak konponbidearen aldeko urrats gisa hartu du legea baliatuta Euskal Herrian batzeko eskaerak egiteko erabakia; Euskal Herrian zabaldutako egoera politiko berrian sakontzeko pauso gisa. Konponbiderako bidean lagundu eta ekarpenak egiteko prestasuna adierazi du, eta hori egin ahal izateko proposatu du kolektiboko kideak Euskal Herriko espetxe berean biltzea: guztien artean hausnartu, eztabaidatu, eta egin beharreko urratsak adostu ahal izateko. Euskal Herrian biltzea, kaleratze biderako pausotzat hartzen dutela ere esana dute EPPK-ko kideek.

berria sakabanaketa irudiaProzesua bultzatuko lukeen bidea antolatu eta parte hartzea sustatu ahal izateko eskatuko dute Zaballako kartzelan biltzeko EPPKren zuzendaritzako kideek, apirilean. Kolektiboak bere «jarrera politikoa» finkatua duela gogoratu du, eta «horren haritik datorren ildoa» garatzeko garaia dela zehaztu. Hor kokatu du astelehenean abiatutako dinamika.

Lehen bi multzo horien ondoren, hamabost egunetik behin hartuko dute lekukoa gainontzeko txandek, bata bestearen atzetik, bakoitzak kartzelan daraman denboraren arabera antolatuta.

Pertsonala, politikoa, juridikoa

Eskakizunak idatziz aurkeztuko dituzte presoek, nork bere espetxean. BERRIAk jakin duenez, bakoitzak bere idazkia egingo duen arren, irizpide berberak izango dituzte guztiek oinarri. Hiru atal jasoko dituzte eskaera txostenek: Arlo pertsonala, politikoa eta juridikoa.

Espetxe politikak norberarengan zein familiarengan izan duen eraginaren berri emango du preso bakoitzak lehen atalean. Kartzelan zenbat urte daramatzan azalduko du bakoitzak, urte horietan zenbat eta zein espetxeetan izan duten, eta horiek bere etxetik zenbat kilometrotara dauden. Sakabanaketak presoarengan zein haren senide eta lagunengan izan duen eragina ere azalduko dute arlo pertsonalari dagokion atalean: familiari zenbateko gastu ekonomikoa ekarri dion, istripurik eragin dion eta hurkoekiko harremana zenbateraino mugatu duen, esaterako. Kartzeletako bizi-baldintzek presoaren osasunean zer-nolako eragina izan duten ere jasoko dute, besteak beste.

Arlo politikoari dagokion atalean, EPPK-k hartutako bidearen berri emango diete presoek espetxeetako arduradunei: Ezker abertzaleak adostutako estrategiarekin bat egiten duela azalduko dute, Euskal Herrian sortu den egoera berriaren aldeko jarrera agertuko dute, eta, aurrera begira ere, gatazkaren konponbidearekiko konpromisoa adieraziko dute: EPPK «etenik gabeko ariketa politikoan murgildurik» dagoela, eta urratsak egiten jarraitzeko asmoa duela.
Ikuspegi juridikoari ere helduko diote. Pertsona guztien eskubideen errepasoa egingo dute, eta ohartaraziko dute sakabanaketa politikak ez duela mundu osoan legezko esparrurik.

EPPKren ustez, kolektiboko preso guztiak Euskal Herrian biltzeak «zaurien, gaixotasunen eta heriotzen ondotik datorren sufrimendua amaitzea» ekarriko luke.  «Deportazioa eta bakartzea» amaitzea gatazkaren konponbidean «urrats handi bat» egitea litzatekeela ere seguru dago. Gainera, guztien eskubideak errespetatzeak eta presoek «kaleko eztabaida guneetan» parte hartzeak prozesuaren garapenari «indarra» emango liokeela dio.

Hori dela eta, ekinaldia babestuta Espainiako zein Frantziako gobernuak espetxe politika aldatzera behartzen laguntzeko eskatu die EPPK-k euskal herritarrei, eragileei eta instituzioei. «Borondateak» bildu eta indar hori «aktibo» bilakatzera deitu ditu, «sufrimendua besterik sortzen ez duen espetxe politika amaitzeko».

 

 Iparragirre espetxeratu izana mendeku goseari egotzi diote

berria manifa ondarroa

Manifestazioa, igandean, Ondarroan. / ARP

Gaixotasun larri eta sendaezina du Ibon Iparragirre Ondarroako presoak. Zigorra etxean betetzen ari zen hargatik 2011z geroztik, baina ostiralean atxilotu eta espetxean sartu zuten. Presoaren osasun egoerak berdin jarraitzen duela eta espetxeratzeak okerrera egitea eragingo duela jakina dela ohartarazi dute EH Bilduk eta LABek. «Mendeku goseari» egotzi diote kartzelan sartzeko erabakia, eta bertan behera uzteko eskatu dute.
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak askatzeko eskatu du: «Bake eta normalizazio prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa da». «Izaera humanitarioa» izango duen espetxe politika «presazkoa» dela adierazi, eta legebiltzarrean horri buruzko proposamena aurkeztuko duela jakinarazi du.
Gaixo dauden presoak berehala askatzeko, presoen osasun eskubideak errespetatzeko eta Osakidetzak zein Osasunbideak hartarako bidea egiteko eskatu du LABek osasun arlorako duen atalak. Hori aldarrikatzeko, elkarretaratzea egingo du ostiral eguerdian Galdakaoko Ospitalean.

ESANA. EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOA

«Eskubideak errespetatzeak eta kaleko eztabaida guneetan parte hartzeak prozesua indartuko luke»

Eskaerak, multzoka

OSO GAIXO DAUDENAK
16 preso inguru. Osasun egoerarik larrienean dauden presoek egingo dute, lehenengo, kartzelaz aldatzeko eskaera, Gaixotasun larri eta sendaezinak izanik medikuen txostenen arabera kalean behar luketenek. Baita 70 urte baino gehiago dituztenek ere. Euskal Herrira eramateko eskatzeaz gain, askatzeko eskaera ere egingo dute.
Martxoan. Lehen multzoko preso horiek hasiak dira eskaerak formalki egiten. Astelehenean abiatu zuten ekinaldia, eta hiru astez jarraituko dute, martxo osoan.
20 URTE KARTZELAN
80 preso inguru. Espetxean hogei urtetik gora daramatzaten presoek egingo dute eskaera, bigarrenik. Baita Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zuzendaritza osatzen duten hogei kideek ere. Presoek prozesuan parte har dezaten errazte aldera antolaketa lanak egin ahal izateko eskatuko dute kolektiboaren zuzendaritzako kideek ere, eta espetxe berean biltzeko. Guztira, 80 bat preso izango dira bigarren txandan parte hartuko dutenak. Espainiaren presondegietan dituztenek Arabako Zaballa kartzelara eramateko eskatuko dute, eta, Frantziaren espetxeetan dituztenek etxetik gertuen dagoen presondegira eramateko.
Apiril hasieran. Apirilarekin batera hasiko dira eskakizunak nork bere presondegian aurkezten.
15 URTE KARTZELAN
75 bat preso. Espetxean hamabost eta hogei urte bitartean egin dituzten EPPK-ko kideek aurkeztuko dute Zaballako presondegira eta Euskal Herritik gertuen dagoenera eramateko eskakizuna, hirugarren txandan.
Apiril erdian. Apirilaren bigarren hamabostaldian joko dute nork bere espetxeko zuzendaritzetara.
10 URTE KARTZELAN
170 preso gutxi gorabehera. Laugarren txandan, espetxean hamar urte baino gehiago egin dituzten presoek aurkeztuko dituzte destino aldaketa proposatzen duten idazkiak.
Maiatzaren hasieran. Maiatzaren lehen hamabostaldian aurkeztuko dituzte.
5 URTE KARTZELAN
Ia ehun preso. Presondegian bost eta hamar urte bitartean daramatenek parte hartuko dute bosgarren txandan. Denera, ia ehun presok.
Maiatzaren erdialdean. Maiatzaren erditik aurrera egingo dituzte eskakizunak, hamabost eguneko epean.
5 URTETIK BEHERA
70 bat preso. Azken txanda preso denbora gutxien daramatenena izango da. Kartzelan bost urtetik behera egin dituztenak izango dira dinamikan parte hartzen azkenak. 70 preso inguru.
Ekainean. Ekaina hastearekin batera aurkeztuko dituzte idazkiak presondegietan, banan-banan. Ekaina bukatzerako, proposamena EPPK-ko kide guztiek egina izatea da kolektiboaren asmoa.

Alabekin egon ezinik dute Zengotitabengoa presoa

Euskal preso bakarra dago Portugalen: Andoni Zengotitabengoa. Lisboako Monsanto espetxean dute, Portugalek segurtasun gorenerako duen kartzelan. Bizi-baldintza gogorrak ditu, muturrekoak, Etxerat-ek berri eman duenez. Baina zailena familiarekin harrema mantendu ezina egiten zaio. Eta ez presoari berari soilik, baita Iera Abadiano bikotekideari, eta dituzten bi alabei. Abadianok kontatu du familiak jasaten duena, batez ere alabek aitarekin harremana izateko duten eskubidea aldarrikatzeko.
Lau urte daramatza Zengotitabengoak Monsanton preso, eta ordutik, urtean behin izan du alabak besarkatzeko aukera. Kristal atzeko bisitak egiteko aukera izan badute, baina Abadianok kontatu duenez, metro bat eta hogei zentimetroko garaieran dago bisiten gelako kristala. Altuera horren parekoa da alabarena. Beraz, pareta du begien aurrean. Aita ikusi ezinik ibiltzen da, saltoka, edo nagusiek altxatzen dute ikusi ahal izateko. Lagunen bisitarik ez du baimendua presoak. Senideek ezin diote asteroko bidaiari aurre egin: 250 euro eta indar handia xahutzen dute bidaian.

Comments are closed.