(Berria) Otegi aske uzteko eskatu du Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunak

20/03/2014

desmond tutu eh presosEuskal preso politikoen sakabanaketa ere salatu du.

Maialen Unanue   2014-03-20 – 11:08:45

Arnaldo Otegi, “bake prozesuaren burua”, aske uzteko eskatu du Desmod Tutu Bakearen Nobel saridunak; baketzerako “urrats garrantzitsua” dela uste du. Horrez gain, ETAri eta Espainiako Gobernuari dei egin die baketzerako baldintzak sortzeko; “kontzesioak” emateko eskatu die bi aldeei, hala, elkarrizketarako “konfiantzazko klima” lortu ahal izateko. “Euskal Herriak bake iraunkorra izateko beharrezkoa izango da ETAk eta Espainiako Gobernuak ate hori baliatzea. Ez dezagun aukera hori galtzen utzi”, adierazi du.

Gatazkaren ondorioz espetxeratutakoen izaera politikoa aitortu du Tutuk, eta gogoratu du asko direla euren senide eta jaioterritik ehunka kilometrora dauden euskal presoak.

Bake prozesuaren aurrerapausuak nabarmendu ditu, eta ETAren desarmatzearen hasiera albiste ona dela dio: “Arma guztiak erabileraz kanpo uzteko ETAk hartutako erabakia ausarta da, eta konfiantza sortzeko garrantzitsua. Bake iraunkorrari bidea irekitzen dio”.

Desmond Tutu Hegoafrikako artzapezpiku emeritoa 1980ko hamarkadan egin zen ezagun, apartheid-aren aurka egin zuen lanagatik. 1984an eman zioten Bakearen Nobel saria.

Comments are closed.