
(Berria) Presoak lekualdatzeko lege bideak erabiltzera deitu dute Erresuma Batuko hainbat diputatuk
Komunen ganberako hainbat kidek mozio bat babestu dute, EPPK-k iazko abenduaren 28an jakinarazitako erabakia txalotuz.
Jon Olano 2014-04-01 – 13:15:27
Euskal Herriko bake prozesuari bultzada eman nahi izan dio diputatu talde batek Erresuma Batuko Komunen Ganberan: “Batzar honek ongi etorria eman nahi dio euskal abertzaleek estatu espainolarekin duten gatazka bide demokratikoen bitartez konpontzeko hartutako konpromisoari”.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013ko abenduaren 28an kaleratutako adierazpenean, “bere aurreko ekintzen erantzukizun osoa hartzeko konpromisoa” azaldu zuela eta legezko bideak onartzeko prest agertu zela oroitarazi dute: “Arreta deitzen du presoen gaiak Ipar Irlandako bake prozesuan jokatu zuen paper garrantzitsuan”.
Diputatuek alde guztiei dei egin die “lege-baliabide guztiak” erabiltzera, “arazo hau konpon dadin”. 22 diputatuk sinatu dute mozioa, eta Alderdi Kontserbakorrekoak, Laboristakoak, Liberalekoak eta Plaid Cymru Galesko alderdi abertzalekoak daude tartean.