
(Berria) Preso eta iheslarien sostenguz, ekainaren 14rako Baionan manifestaziora deitu dute Iparraldeko eragileek
Lan munduko, politika eta gizarte arloko 23 eragilek manifestaziora deitu dute Baionan, ekainaren 14rako. ‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ izanen da manifestazioaren leloa. Arratsaldeko bostetan abiatuko da, Lauga kirolgunetik. Gainera, manifestu bat adostu dute, eta preso eta iheslariei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bukatzea eskatu dute eragileek, horien artean, euroaginduak.
Aitor Renteria 2014-04-02 – 12:24:13
Konstatazio hirukoitza egin dute eragileek elkarrekin adostu duten manifestuan. Lehenik eta behin, Euskal Herrian gatazkaren konponbide politikoaren aldeko gehiengoa osatzen ari dela; bigarrenik, Frantziak eta Espainiak ez dutela konponbiderako keinurik edo urratsik egiten, eta, azkenik, nazioartean gero eta handiagoa dela konponbidearen aldeko jarrera. Ildo horretan kokatzen dituzte Estrasburgoko epaitegiaren ebazpena Parot kasuan, Mexikon egindako auzapezen foroa eta Belgikak uko egitea azken euroagindu eskaerari.
Agiriaren izenpetzaileen artean daude Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, Max Brisson UMPko Kontseilari Nagusia, Frederique Espagnac senatari sozialista, Jean Jacques Laserre Senataria, Michel Larralde CFDTko idazkari nagusia eta Xabi Larralde Sortuko kidea.
Azken hilabeteetan preso eta iheslarien kolektiboek egin dituzten ekarpenak baikorki hartu dituzte eragileek eta haien egoeraren konponbidean engaiatzen direla jakianrazi dute. Amnesty International-en txostenak oinarri harturik, Espainian torturatzen dela nabarmendu dute.
Presoei dagokienez, honako eskari hauek egin dituzte: Kroucher legea errespetatuz, larriki direnak askatzea, azpimarratuz Ibon Fernandez Iradiren egoeraren larritasuna; sakabanaketa bukatzea eta presoak hurbiltzea eta bateratzea.
Iheslarien kasuan, kolektibo horrek pairatzen dituen euroaginduak bertan behera uztea eta 1980ko hamarkadan Frantziak bertze lurralde batzuetara kanporatu zituen iheslariak itzultzea.