
(Berria) «Presoen gaiak gaina hartu die alderdi politiko guztiei»
Teresa Toda. KonpONbidea taldeko eleduna
Euskal presoen eskubideen aldeko herri mugimendu berri bat sortzeko oinarriak jarriko dituzte larunbatean Eskoriatzan, KonpONbideak antolatutako topaketan.
Jokin SagarzazuAndoain
2014-04-10
Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultatean (Eskoriatza, Gipuzkoa) jarri dute hitzordua; larunbatean, 10:00etan. Euskal presoen eskubideen aldeko mugimendua berpiztea dute helburu antolatzaileek. KonpONbidea izenaren atzean, euskal presoen egoerarekin kezkatuta dauden hainbat pertsona daude. Horien artean, Teresa Toda Egin egunkariko zuzendariordea izandakoa eta 18/98 auzian zigortutakoa. Azaroan irten zen espetxetik, sei urteko zigorra bete ostean.
Zein da topaketen helburua?
Ez da izango ideien ekaitza bat soilik. Baina oso inportantea izango da jendea entzutea eta egon daitezkeen ekarpenak eta ikuspuntuak jasotzea. Horrekin guztiarekin, aurrerago, zerbait landuagoa aurkeztu nahi dugu. Guneren bat, tresnaren bat: eraginkorra izan daitekeen zerbait.
Irekiak dira topaketak. Zer motatako jendea espero duzue?
Hainbat jatorritako jendea bildu nahi dugu. Presoen eskubideen defentsaren alde ibili diren pertsonak eta interesa dutenak horretan baina orain arte pausoa eman ez dutenak. Pentsatzen dugu batuketa horretatik ideia aberatsak sortuko direla.
Ideia berriak esan nahi duzu?
Egia da gaia ez dela berria, urte luzez daramala gizartean. Baina momentua da berria. Aztertu eta landu behar dugu momentu honi nola erantzun. Bide luzea egin da, baina azkenaldian egon dira mugarri batzuk: Bilboko manifestazioa, Europatik etorri diren eta etor daitezkeen erabakiak, presoak eurak ematen ari diren pausoak…Aztertu behar dugu horri guztiari nola erantzun.
Presoen eta iheslarien eskubideen defentsan oinarrituko zarete soilik?
Bai. [Espainiako] Estatuak eskubideak kentzen eta baldintzatzen dizkie presoei eta haien inguruan dagoen jende multzo handi bati —milaka pertsona dira herri honetan—. Hainbat gai barnebiltzen ditu horrek: sakabanaketa, gaixo dauden presoak, urte dezente daramatzatenak… Guk horren aurka egin nahi dugu, modu positibo batean. Ez da erraza, baina gizartean nabari da behar bat horri erantzuteko, eta behar duela gune bat hori lantzeko, kezkatik ekintzara pasatzeko.
Eta nola egituratu nahi duzue mugimendua?
Gure asmoa da horizontala izatea. Baina larunbatetik aurrera joango gara gizartean txertatzen eta zabaltzen, eta tokian tokian ikusiko dugu gauzak nola landu.
Zer harreman izango duzue alderdi eta instituzioekin?
Ahal dugun neurrian haiekin ere landu nahi ditugu harremanak.
Urtarrileko Bilboko manifestazioaren debekuari emandako erantzuna eta orduko elkarrizketak dira mugimendu honen abiapuntua?
Hein handi batean, bai. Orduan gertatu zena katalizatzaile bat izan zen: mugarri bat. Baina mugimendu honek historia luzea dauka euskal gizartean. Beti egon da presoen eskubideen aldeko indarra, grina eta beharra. Baina momentu honetan beste modu batean formulatzen ari da hori. Uholdeari forma eman behar zaio.
Oraindik mesfidantzak nabari dituzu sektore jakin batzuetan? Gisa honetako mugimenduen instrumentalizazioa aipatzen da maiz.
Hori da batzuek ezer ez egiteko edo egindakoa oztopatzeko erabiltzen duten aitzakia. Espainiako alderdiek oso markatuta daukate beren linea, baina beste alderdietan, EAJn adibidez, badago jende asko ez duena ulertzen Espainiaren jarrera eta zerbait egin nahi duena. Nik uste dut une honetan alderdi guztiei gaina hartu diela gaiak. Horregatik uste dut beste modu batean landu behar dela eta mezu bat bidali behar dela, euskal gizartean zein ikuspuntu dagoen argi uzteko eta alderdiak, instituzioak eta gobernuak estutzeko.
Nola islatu nahi duzue aipatu duzun gehiengo hori maila politikoan?
Guk bereziki herri mailan eragin nahi dugu. Ahal dugun neurrian lan egingo dugu eragile guzti-guztiekin. Guk sortu nahi dugun mugimendua politikoa da, baina ez dauka ideologiarik. Presoen eskubideen aldarrikapena gai politikoa da, baina ideologien gainetik dago. Hemen lan egin dezake interesa duen edonork. Ahalik eta zabalena izatea da gure nahia. Ahalik eta irekiena. Bultzatzaileen zerrenda ikusten baduzue, ohartuko zarete oso plurala dela.
Badirudi gobernuak ez daudela prest eskaerei erantzuteko.
Egia da gaia alboratu egin dutela. Baina Europak ez. Sakabanaketaren aurkako epai bat kaleratu du Errusiako preso batzuen inguruan. Puntu jakin batzuetan presio egin dezakegula uste dugu.
Herritarrak prest ikusten dituzu prozesuan engaiatzeko?
Hori saihestu nahian ari dira alderdi politiko jakin batzuk. Hori nahi dute. Baina arazo bat ez da desagertzen horretaz hitz egiten bada. Eta guk hitz egingo dugu.
Nola josi duzue bultzatzaileen sarea? Zein irizpide jarraitu duzue?
Oso modu xumean egin dugu lan. Antzeko kezkak genituen eta partekatu ditugu gure hausnarketak eta kontaktuak. Hainbat bilera egin ditugu eta gero agiri labur eta argi bat adostu eta zabaldu dugu.
Herrira-ren legez kanporatzea baldintzatzen al du zuen lana?
Herri honetan edozein gauza gerta daiteke. Oraindik badaude epaiketa politikoak, eta jendea dago kartzelan sartzeko arriskuan. Hori ez dago gure esku. Baina guk gardentasun osoz lan egin egingo dugu. Ezin gara geratu ezer egin gabe gerta daitekeen zerbaiten beldur garelako.