(Berria) Sinn Fein: «Gerry Adamsen atxiloketa bake prozesuaren aurka doa»

04/05/2014

Martin McGuinnessen arabera, alderdiaren Europako Parlamentuko kanpainari kalte egiteko atxiki dute orain

Erredakzioa

Gerry Adams Sinn Feineko buruaren atxiloketa une estrategikoan ailegatu dela salatu du alderdiak: PSNI Ipar Irlandako Poliziak propio atxiki duela hura Europako Parlamentuko hauteskundeen atarian, Sinn Feinen kanpainari kalte egiteko. «Gerry 1970eko hamarkadan IRAn [Irlandako Armada Errepublikanoa] egon zela erakutsi asmo zuten alegazioak duela berrogei urtetik egon dira bueltaka», esan du Martin McGuinness Ipar Irlandako ministrordeak: «Ahalegin guztiek huts egin dute, eta orain berriz erabili nahi dituzte akusazio horiek». Belfasten Adamsen alde bildutako jendetzari mintzo zitzaion McGuinness, atzo. Sinn Feineko buruak hirugarren eguna zeraman atxilo.

Gaur iluntzera arte

Adams asteazkenean joan zen Antrimeko polizia etxera, galdeketa egitera deitua zutelako, IRAren 1972an hilketa bat argitzeko ikerketa baten harira. Ostiral iluntzean, atxiloaldia luzatzeko eskatu zuen PSNIk. Printzipioz, gaur iluntzera arteko epea du Adams formalki akusatu edo aske uzteko, baina eska dezake berriz luzatzea. McGuinnessen arabera, horrek erakusten du PSNIren barruan badela «bake prozesuaren eta Sinn Feinen aurkako agenda suntsitzailea» daukan sektore bat.

Enda Kenny Irlandako lehen ministroak ez du Adamsen alde hitz egin McGuinnessen antzera: horren ordez, hilketa argitzeko «dakien guztia» esateko eskatu dio.

Comments are closed.