(Berria.info) Tortura salaketak, zientziaren esku

10/02/2015

Jaurlaritzak 1960-2013 arteko 3.587 kasu bildu ditu, eta haiek aztertzeari ekingo dio Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak.

Fernandezek esan du ez dutela Espainiaren kexarik jaso.

Jonan Fernandez, Laura Pego, Aintzane Ezenarro eta Paco Etxeberria, atzo, Donostian.

Jonan Fernandez, Laura Pego, Aintzane Ezenarro eta Paco Etxeberria, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

 

2015-02-07 / Enekoitz Esnaola

Tortura salaketak jaso eta haiek «zientifikoki egiaztatzea» da Eusko Jaurlaritzaren helburua, gero horrek guztiak «ondorio politikoak eta judizialak» izango dituen aztertu ahal izateko. Iazko martxoan ekin zion Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak 1960-2013 aldian izandako tortura salaketen proiektuari, eta lehen erroldaren emaitzak jakinarazi ditu orain: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren 3.587 tortura salaketa erregistratu ditu, oraingoz. EHUko Kriminologia Euskal Institutuarekin batera ari da lanean, hango buru Paco Etxeberria auzi medikua dela. Ikerlana datorren urteko irailerako osatzea espero dute, legealdia amaitzear dela.

Bake eta Bizikidetza Planaren 6. ekinbidea da, haren «hiru konpromiso handietako» bat. «Iragana argitu» nahian, duela mende erdi batetik hona torturak EAEko herritarren artean izandako «benetako eraginaren berri ematea» da xedea.

Etxeberriak dio kasu gehiago egon daitezkeela, eta «tortura, tratu txar edo gehiegikeriak» jaso izan dituztenei dei egin die testigantzak aurkeztera. Duela bi urte, Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak aginduta, giza eskubideen urraketez txosten bat osatu zuten lau adituk, eta zioten 5.500 salaketa publiko egiazta daitezkeela. Euskal Memoria fundazioak, berriz, 1960tik 2010era arte hamar mila tortura salaketa inguru zenbatuta dauzka.

Jasotako 3.587 salaketetatik orain arte 2.820 aztertu ditu Etxeberriaren lantaldeak, eta haien %88,4, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren aurkakoak dira. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak azaldu du ez dutela Espainiako erakundeen kexarik jaso torturen ikerketa dela eta. Aztertutako salaketen %9,6, berriz, Ertzaintzaren tratuaz dira —271—.

Ez dira hasi egiak diren ikertzen. Fernandezek Donostiako aurkezpenean iragarri du gaitza izango zela. «Oso zaila da tortura egon den frogatzea, kontrolik ez den lekuetan gertatzen delako. Testigantza faltsuak frogatzea ere zaila da. Beraz, azterketa lasai eta serio egin behar da, zientifikoki jakiteko gertatu dena».

Erakunde asko eta askotarikoen 140 txosten, hogei epai irmo eta testigantza zuzenak izan dira informazioa jasotzeko bideak.

Hautatutako kasuak

Ikerlanean, ondorioak eta aholkuak eman aurretik, «berrehun kasu adierazgarri» ikertuko dituzte, eta «berrogei kasu enblematikoren azterketa kualitatibo, narratibo eta berariazkoa» ere agindu dute.

«Giza eskubideen arloko nazioarteko erakundeek torturaz egin dituzten agindu eta gomendioak betetzera dator Jaurlaritza», Fernandezen esanetan. «Giza eskubide guztiekin duen konpromiso etiko eta demokratiko tinkoa ere betetzen du».

Agerraldian, Laura Pego kriminologo eta Etxeberriaren lantaldeko partaidea, eta Aintzane Ezenarro Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako kidea ere izan dira.

Comments are closed.