(Berria.info) Etxerat: «900 senideren bizitza arriskuan egongo da asteburuan»
«Mendeku politikak» milaka kilometro egitera behartzen dituztela salatu dute euskal presoen senideek.
Iñaki Imaz presoari eraso egin diote.
2015-02-07 / Edurne Begiristain
Etxerat-ek emandako datuen arabera, egun 461 euskal preso daude, eta horietatik soilik lau Euskal Herriko espetxeetan. Euskal preso gehienak (%76) 500 eta 1.100 kilometro artean daude sakabanatuta, eta are urrunago dituzte beste hiru preso, Portugal, Ingalaterra eta Alemaniako kartzeletan barreiatuta. Haiek bisitatzera joateko, milaka kilometro egin beharko dituzte asteburuan senideek: autobusean, Mirentxinek antolatutako bederatzi furgonetetan, autoetan edo hegazkinetan. «Bidaiatzeko erabakia gurea da, baina errepideetara irteteko erantzukizuna politikoa da. Sakabanaketa zigor politikoa delako».
Eguraldi kaskarrak are arriskutsuagoak bihur ditzake espetxeetarako joan-etorriak asteburu honetan, eta, horregatik, Etxerat-ek errepidean jazotzen diren gertaera guztien berri emateko eskatu die presoen senide eta lagunei. Horretarako, bi helbide elektroniko jarri ditu: asistentzia- esp@etxerat.eus etaasistentziafr@etxerat.eus. Era berean, sare sozialetan bidaietako argazkiak eta salaketak argitaratzeko deia egin du,#DispertsioaSTOP eta #BSQsHumanRights traolak erabilita.
26 urte igaro dira sakabanaketa politika indarrean jarri zenetik, eta gaur arte hamasei senide hil dira espetxeetako joan-etorrietan. Etxerat-ek salatu du azken bi hamarkadetan ez dela ezer aldatu: «Bakar-bakarrik sentitzen gara egoera honi aurre egiten, sakabanaketa amaitzeko dena egin behar zuten alderdiek ezer gutxi egin dutelako». Elkarteak gogoratu du, halaber, joan den urtean presoengana bisitan zihoazela hamar auto istripu izan zirela, baina horren inguruan alderdi politikoak isilik daudela. «Non daude istripu hauen aurrean alderdi politikoen hitzak? Non daude sakabanaketak eragindako istripu eta zaurituen inguruko alderdi politikoen ekintzak?». Etxerat-en aburuz, sakabanaketak eragindako istripuak ez dira «kasualitatea», «kausalitatea» baizik.
Jipoia Estremeran
Etxerat-ek jakinarazi du ostegunean Iñaki Imaz preso donostiarrari eraso egin ziotela Estremerako espetxean (Espainia), patiora atera behar zuenean. Patioan ez zegoen zaindaririk, eta Imazi hainbat puntu eman behar izan zizkioten.
Elkarteak emandako datuen arabera, Imazi eraso egin zion presoak «arazo psikologiko larriak» ditu, eta, horregatik, Estremerako euskal presoek hainbat eskaera eginda zeuzkaten presoa lekuz alda zezaten, baina Espetxe Zuzendaritzak ez zien erantzun eskaerei.