(Berria) «Estatua da tortura ukatzen duen egitura bakarra»

25/02/2015
Beltranek uste du giza eskubideen egoerak atzera egin duela nazioartean. II. Mundu Gerratik izan den iheslari mugimendurik handiena izan zen iaz, eta, askatasun eta giza eskubideen murrizketei dagokienez, beste koska bat estutu dela iritzi dio.

 

Esteban Beltranek (1961, Madril) 25 urte daramatza Amnesty Internationalen lanean; azken hamarkadan Espainiako Saileko arduraduna izan da. Ez da oso baikorra egungo egoerarekin.
Photo: Berria

Argazkia: Berria.eus

2015-02-25 / Gurutze Izagirre

Urteko txostena aurkeztu bezperan, zein interpretazio egiten duzu giza eskubideen egoeraz?

2014a hondamenezkoa izan da milioika pertsonarentzat, eta nazioarteko komunitateak beste aldera begiratu du. Gero eta estatu gehiago daude krimen ikaragarriak egiten ari direnak eta zigorrik jasotzen ez dutenak. Gero eta talde armatu gehiago daude gero eta indar handiagoa dutenak eta lurralde eremuak ere kontrolatzen dituztenak, Afganistanen, Kenian, Pakistanen eta Sirian, kasurako. Gatazka horiek errefuxiatuen irteera ikaragarria eragin dute. II. Mundu Gerratik ez zen halakorik ikusi, eta, paradoxikoki, estatuek gero eta oztopo gehiago jartzen dituzte errefuxiatuak hartzeko. Eta, bestalde, askatasunak galtzea eragin dezaketen legeak indartzen ari dira terrorismoaren aitzakian.

Testuinguru horretan kokatzen duzu Kongresuan PPk eta PSOEk onartu berri duten zigor erreforma?

Giza eskubideentzako urte txarra izan da, eta horrela gogoratuko da. Oro har, Espainia ESLAren irizpidetatik aldentzen ari da (Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea). Estatuan 30.000 manifestazio egon ziren iaz, eta %0,9an baino ez ziren liskarrak izan. Lege aldaketa, beraz, ez dago justifikatua. Horrelako neurriek kezka eragiten dute gure moduko gobernuz kanpoko erakundeetan eta nazioarteko beste erakundeetan.

NBEk ere eskatu dio lege hori bertan behera uzteko.

Kezkatuta gaude, ez dagoelako eskubide murrizketa horietarako justifikaziorik.

Testuaren anbiguotasunak zeukan arriskuaz ohartarazi zuen NBEk.

Anbiguotasuna baino gehiago, terrorismo terminoari dagokion aldaketa da gakoa. Esaterako, terrorismoaren definizioa hainbesteraino zabaltzen du, berezko definizioak ia zentzua galdu baitu. Badirudi gauzak adierazteko zenbait modu eta mezu informatiko eta bidaia jakin batzuk egitea ere terrorismo gisa etiketa daitezkeela. NBEren terrorismo eta segurtasunerako kontalariak esaten duenaren kontra egiten du legeak. Espainiak gero eta definizio zehatzagoa izan beharko luke terrorismoaz, eta kontrakoa egiten du: hizkuntza gero eta lausoagoa erabiltzen du, eta hori arrisku bat da giza eskubideentzat.

Nazioarteak eman dio abisua, baina ez dute atzera egiteko asmorik. Zer egin?

Legea indarrean jartzen denean ikusi behar da nola aplikatzen duten, zein zorroztasunekin. Auzitegiek ere zein jokabide duten ikusi beharko da. Eta legealdi berria etortzen denean, legea aldatzen saiatu beharko da.

NBEk, duela 30 urte, torturaren aurkako adierazpena onartu zuen, eta, urtemuga horren harira, AIk kanpaina bat hasi du stop tortura lelopean. Zein helbururekin?

Tortura da giza eskubideak urratzeko modurik klandestinoena. Gure ikerketek diotena da tortura kasuak Espainian ez direla bereiziak; ez da praktika sistematiko bat, baina, oker batzuen ondorioz, tortura prebenitzea, saihestea eta ikertzea oztopatzen da. Askotan, desegokia izan da torturen ikerketa Espainian, eta hala esan du NBEko torturaren prebentziorako ikerketa batzordeak. 2012an Orkatz Gallastegiren tortura kasua ez zuela ondo ikertu salatu zuen NBEk. Zigor epaia ustez hertsakeria egoeran lortutako autoinkulpazioetan oinarritu zela esan zuen, adibidez. Europako torturaren prebentziorako batzordeak ere badio ez dela ondo ikertzen, eta Estrasburgok ere bai. Baina Espainian ez da onartzen torturaren arazoa badagoenik. Eta badago. Eta ez denez arazo gisa ikusten, ez da konpontzeko neurririk hartzen. Adibidez, ez dira atxiloaldiak bideokamerekin grabatzen, inkomunikazioa ez da bertan behera uzten, torturaren biktimak ez dira onartzen biktima gisa…

Euskal Herriari dagokionez, Jaurlaritzak kaleratu berri duen txosten baten arabera, azken urteetan gertatutako 3.500 tortura kasutik gora jaso dituzte, eta askoz gehiago direla dio Pako Etxeberria auzi medikuak. AI bai estatuan eta bai Euskal Herrian txertatua dagoen mugimendu bat izanda, zein iritzi duzu kasu horiez?

Estatua da tortura ukatzen duen egitura bakarra. Gainerakoentzat, jakina da tortura izan dela. Uste dut inportantea dela onartzen hastea tortura arazo bat izan dela, eta egun ere badela. Delitu bat da, prebenitu egin behar dena, zigortu egin behar dena eta ezagutarazi. Gazteen aurkako azken epaian, auzitegiak ere ohartarazi zuen torturaz.

Sententziak aipatzen dituzu, baina kasu gehienetan ez dira auzitegietara iristen. Inpunitaterako tarterik bada Espainian?

Tortura eta tratu txarren kasuan, ikerketa egokia ez bada…

Baina auzitegietara iristea nekeza da gehienetan.

Estatuak egin beharko lukeen ikerketaz ari naiz. Estatuak ez du ikertzen behar lukeen moduan. Guk azpimarra egiten dugu estatuaren ikerketa desegokian. Eta, gainera, ez bada neurririk hartzen tortura desagerrarazteko, eta, gainera, torturen biktimak ez badira onartzen, ba, bai, Espainian torturen biktimak egon daitezen inpunitaterako eremua badagoela esan dezakegu. Eta denbora luzean egon da, ez delako arazoa onartu.

Eta poliziak torturengatik zigortuak izan diren kasu gutxietan, haietako ugariri indultua edo sariren bat eman diete. Gobernu batek nola esplika dezake hori?

Ez dut uste gobernuaren praktikaren barruan sartu denik torturaren erabilera. Ez da gobernuaren politikan sartu. Esaten ari naizena da Espainian egiturazko gabeziak daudela.

Egiturazko gabeziak?

Torturaren prebentzioan, ikerketan, egileak zigortzean eta biktimak babestean.

Estatuaren aitortza bat beharko litzateke?

Tortura kasuak ikertu egin behar dira.

Baina badira kasuak frogatu ezin direnak beharbada aspaldi pasatutakoak direlako?

Ikerketa judiziala egon behar da, eta ez da preskribatzen.

Eta nola ikertzen duzu duela 30 urteko auzi bat, bere garaian salatu eta artxibatu bazen?

Borondate politikoarekin. Hau duela 30, 25, 20, 15, 10 eta 5 urteko arazoa da. Badirauen arazo bat da. Ez da tortura garai batean egon zela, eta gero desagertu egin zela. Gradu diferentetan, baina egon da. Delitu bat da, eta ikertu egin behar da. Auzitegi bat egon behar du ikertzeko. Eta arazoa da Espainian ez dela behar bezala ikertzen. Biktimak ez dira onartzen, eta gainera zigortuak izan diren batzuk indultatu egiten dira. Oso arazo larria da torturaren biktimentzat.

Nazioarteko hainbat eremutatik abisua eman diote Espainiari, baina ez du ondoriorik.

Zoritxarrez Espainiak ez die kasurik egiten nazioarteko aholkuei. Hori gertatzen da ez duelako onartzen Espainian torturaren arazoa badagoenik, nahiz eta sarritan esan.

Egoera aldatzeko biderik ikusten duzu?

Neurri batzuk hartu behar dira, esaterako Euskal Herrian terrorismoaren kontra onartu diren legeetan. Gure ustez, egungo Euskal Herriko egoerak, ETAk jardun armatua utzi ostean, eta jende askok auto azpian begiratzeari utzi dionetik, eta mehatxatua sentitzeari utzi dionetik, giza eskubideen alorrean segida izan behar zen neurri batzuekin, esaterako, inkomunikazioa bertan behera uztea, alderdien legea erreformatzea, berme judizialak handitzea… Baina horiek jartzetik urrun gaude. Beste koska bat estuago gaude, adierazpen eta biltzeko eskubidean ere bai. Ezin dut baikorra izan. Guk jarraituko dugu kasuak dokumentatzen, eta lege aldaketak eskatzen nazioarteko giza eskubideen irizpideetan oinarrituta.

 

 

 

 

Comments are closed.