(Berria.info) Urkulluk ez du uste Rajoyk Espainiako hauteskundeen aurretik erantzungo dionik
Lehendakariak zenbait eskaera egin zizkion bake eta elkarbizitzaren, eskuduntzen eta inbertsioen gainetik.
2015-04-13 /
Itxaropenik ez du Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin. Denbora asko darama lehendakariak Rajoyri egin dizkion eskaeren erantzunaren zain, baina gaur RNE irratian egin dioten elkarrizketan aitortu du ez duela espero Rajoyrengandik erantzunik Espainiako azaroko bozen aurretik.
Irailaren 15ean bildu ziren bosgarren aldiz Urkullu eta Rajoy, eta behin baino gehiagotan eskatu dio erantzun bat Espainiako presidenteari. Besteak beste, espetxe politika aldatzeko eskatu dio. Urkulluk abenduaren 31ra arteko epea eman zion erantzun bat emateko, baina Rajoyk ez du espetxe politika aldatu, eta erantzun ofizialik ere ez dio eman eskaera horri.
“Ez da erantzunik egon, eta, une honetan, 2015. urtea nola doan ikusita, ez dut itxaropenik Espainiako hurrengo hauteskundeak baino lehen erantzungo duenik”, esan du Urkulluk RNEren elkarrizketan. Gernikako Estatutua bere osotasunean betetzeko, inbertsio politikak egiteko, bake eta normalizazio inguruko eskaerak betetzeko eta estatuaren ereduari buruzko hausnarketa egiteko eskatu zion Urkulluk Rajoyri.
Ikusteko dago zer gertatzen den Espainiako hausteskundeetan. Urkulluk azaldu du ez duela Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia ezagutzen, eta horregatik ez du baloratu nahi izan lehendakariak PPren alternatiba gisara ikusten duen.