(Kazeta.eus)”Bake prozesuari begira, Konferentzia humanitarioa eraikitzailea izan da”

22/06/2015

Anaiz Fusonas

Bake Bideako eta Pariseko Bake konferentzia humanitorioko lehendakaria

Ekainaren 11n, Bake Bidea eta Giza Eskubideen Ligak antolaturik, Bakearen konferentzia humanitarioa iragan zen Parisen. Bakearen aldeko mugimenduko lehendakaria Anaiz Funosasek ekimenetik ateratako lehen ondorioak aipatu ditu.

Guz_bake_bidea_cp_hotel_lebayonne_isabelle_miquelestorena05

“Bake prozesuari begira, Konferentzia humanitarioa eraikitzailea izan da”

Iurre BIDEGAIN|2015/06/16|0 iruzkin|

“Parisetik indar berriturik sartzen gira eta lanean segitzeko gogoekin”

“Ekainaren 11n agerian utzi da zein indar ukaiten duen gizarte zibil batek eta edukiak noraino eramaiten ahal dituen zerbaitetan sinisten duenean”

Pariseko Bakearen aldeko konferentzia humanitarioa pasatu eta, Bake Bideak zein ondorioa ateratzen du?

Anaiz Funosas: Hastapenean markatutako parioa gainditu dugu. Maila anitzetan gainditu dugu. Jadanik parte hartzean; Ipar Euskal Herriko eragileekin eta frantses mailako gizarte zibileko eta politikari inportanteekin, Victor Hugo sala bete da. Hasieran aipatzen genuen gogo hori, hau da, Ipar Euskal Herriko irudia Parisera ekartzea eta Frantzia mailako babesa ukaitea ere lortu da.

Horrez gain, gatazkaren konponbidea Parisera eramaitea, Aieteren bide orria esplikatzea eta Ipar Euskal Herrian lortutako adostasuna erakustea lortu dugu. Gainera, eduki biziki aproposak entzun dira eta parte hartzaileen ekarpenak oso sakonak izan dira. Bakoitza aztertu beharko dugu eta bakoitzari zein bide eman ikusi beharko dugu. Gure sentsazioa ekainaren 11koa aitzin etapa bat izan dela da: gatazkaren konponbidea lortzeko eztabaida guneak sortu dira eta adostasunak agertu dira. Parisekoa eta gero, beste etapa batera ailegatzen gira non babes hori eta bake prozesuaren bilakaera hori, frantziar mailako eragile politiko eta sozialekin partekatuko den.

Beraz, bilana positiboa dela erran daiteke?

A.F: Bai, biziki positiboa. Bertan egin diren adierazpenen inguruko atxikimenduak ere biziki positiboak dira. 110 izenpetze dira baina pertsona horiek sektore ezberdinetatik datoz. Horrek sostengua zabaltzeko parada ekartzen du. Jende horrekin batera bakoitzak bere sektoretik nola eragin eta nola eraikitzen segitu aztertu beharko da. Beraz, bai pozik gira Parisera, Asanblada Nazionalera, eztabaida hori ekarri izana. Aiete bizirik dela eta eraikitzen ari dela erakutsi izana eta hala dela konbentzitu izana. Parisetik indar berriturik sartzen gira eta lanean segitzeko gogoekin.

Ekimenak izan duen oihartzuna eta iritzi positibo horiek espero zenituzten?

A.F: Ez genekien horrela iraganen zenik. Lehen mementotik sentitu da gela horretan denak prest ginela bakoitzak mahaitik botako zuen diskurtsoa errezibitzeko, denak egiten zen diagnostikoarekin ados ginelakoz. Hau da, bada bake prozesu bat martxan jartzeko gogo handia, eta denek bultzatu behar dugu. Hasieratik aldekotasun eta bateratasun hori sentitu da; nahiz eta elkar ez ezagutu. Ipar Euskal Herriko gizarte zibila, Pariseko jende horrekin batzea biziki azkarra izan da.

Ahotsak anitzak izan dira, alde guztietakoak eta hori dena pasa da naturaltasun osoz, inongo eragozpenik gabe. Egia da horrelako memento bat bizi denean ekimenari maturitatea gehitzen diola. Handitu giten gehiago, segi dezagun handitzen, goratzen eta lasaiki onartzen prozesu horren etapak ere pasatu behar direla. Denak ez gira ados, baina hori da prozesuaren indarra; ahots guziak mintzatu ahal izatea eta guziek gogoetak ekartzea. Ahots guzien mintzaraztera lortu da. Horien izpiritua zen “hor dut nire mina, baina goazen aitzina eta goazen guzi horri aterabide bat atzemaitera”.

Nola sentitzen da Bake Bidea etorkizunari begira ?

A.F: Inoiz baino gehiago lanari lotzeko gogoak ditugu eta prozesu hori egituratzeko gogoarekin gira. Ekainaren 11n agerian utzi baita zein indar ukaiten duen gizarte zibil batek eta edukiak noraino eramaiten ahal dituen zerbaitetan sinisten duenean. Gainera, aniztasun horrek gogoetak urrun eramaiten laguntzen du. Gai guziak har ditzagun eta goazen gure ikuspegitik eta nazioartean dauden esperientzietatik guretzat hobekiena zer litaikeen ikustera.

Zoin litzateke Bake Bidearen bidean ondoko urratsa?

A.F: Badira pausu ezberdinak, bada egituratzearena; jaso diren babesa egituratzea. Uste dugu parlamentariak bake prozesuaren alde egituratzea funtsezkoa dela; hori izan daiteke ideia bat. Bigarrena ondorioen ildoari lotuta litaike gehiago ; hau da, sortu beharreko tresna edo bitartekoen inguruko gogoeta bultzatzea. Baina beroan-bero egiten diren gogoetak dira, orain egin behar den hausnarketa bake prozesu horrek behar dituen pausuak martxan jartzeko egiteko manera definitzea da. Hortik joango da Bake Bidearen gogoeta eta, noski, konpartitzen segituko duguna. Espero dut bide lagun gehiagorekin izanen dela.

Ekimenaren egun berdinean, iturri batzuek konferentziak Estatu frantsesean eraginik ez zuela izanen argitaratu dute…

A.F: Ez genuen espero ekainaren 11n, egun batetik bestera, gaur egun Estatuei duten posizioa aldaraztea. Ez dugu asmo horrekin egin eta ez gaitu harritzen horrelako deklarazioak egoitea. Baina ber mementoan, horrelako deklarazioak izaitea konferentzia horrek oihartzuna ukan duela frogatzen du. Batez ere, bere garrantzia baduela eta egun horretan plazaratu diren mezuak eta agertu den sostenguak, beldurra emaiten diela. Horrek konbentzitzen gaitu bide horretatik segitu behar dugula. Iritsiko da memento bat non egonezin horrek mugimendu bat ekarriko duen eta gu gaurtik aitzina horretara goaz.

Ekainaren 11 oroimenean geldituko da askorentzat, nola definituko zenuke hitz batekin Pariseko Konferentzia Humanitarioa?

A.F: Zaila da galdera horri erantzutea. Hunkigarria izan da, baina nik eraikitzailea izan dela errango nuke. Beharbada ez da zuzenena, baina uste dut prozesuaren baitan egun eraikitzailea izan dela.

 

 

 

Comments are closed.