I. Gizarte Foroen sortutako gomendioen berrespena
Gizarte foroak, 2013ko maiatzaren 27an aurkeztu zituen desegite eta armagabetze prozesu bat diseinatzeko, garatzeko eta bururaino eramateko beharraren inguruan luzatu zituen gomendioak berresten ditu. Zehazkiago:
• Herritar ororen segurtasuna bermatzea xede, eta bake prozesuaren funtsezko zati bezala, ETAren armen eta egitura militarren desegitearekin bukatuko den prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatzea gomendatzen dugu.
• Zentzuzko denbora-tarte batean gauzatu beharreko prozesu honek hasieratik erakunde erraztaile independenteen esku hartzea eta laguntza izatea gomendatzen dugu, Estatuei eta bere instituzioei zein jendarteari, oro har, egindakoaren segurtasuna emateko.
II. Egindako bidea ta gaurko kontestua
Gizarte Foroak kontutan hartzen ditu:
• Baionako deklarazioa (2014/10/24), Nazioartearen kontrolpean Frantziako gobernu eta ETAren arteko akordioaren beharra azpimarratzen zuena, Frantzian ETA-ko azpiegiturak nola desegin eta desarmatu argituko dituzten baldintza eta egin moldeen definitzeko eta bururaino eramateko.
• Pariseko konferentziaren deklarazioa (2015/06/11) ukituak diren nazio ezberdinen interesen izenean espainiar eta frantziar estatuei Euskal Herriko gatazkaren konponbidean zinez inplikatzeko eskatzen ziena.
• Eusko Jaularitzak luzatutako (2014/12/21), Armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor baterako prozedura-proposamena, ETAren gizartearen aurreko alde bakarreko keinu batean oinarritua, gizartearen, nazioartearen eta erakundeen babespean.
Gizarte Foroak gogoan hartzen ditu berriki konponketarako ETAren ordezkari gisa izendatua izan den David Plak elkarrizketa batean egin dituen adierazpenak (2015/12/15), zeinean inbentariatze eta zigilatze prozesua lehenbailehen burura eramateko borondatea agertzen den. Era berean, armagabetzearen diseinatze partekatuan euskal eragile instituzionalekin, politikoekin eta sozialekin batera lan egiteko borondatea berresten duen ETAren adierazpena ere kontuan hartzen du. Bestalde, Gizarte Foroak, 2014ko uztailaren 19an ETAk “borroka armatuaren jarduera” deitzen duenaren egitura logistikoen eta operatiboen desegitea burutu zuela zioen agiria ere aintzat hartzen du.
III. Ondorioak
Gizarte Foroak, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen orain arteko lana eskertzen du, eta ETAren armen, munizioen eta lehergaien zigilatze eta desegite prozesuaren baitako inbentariatze eta egiaztatze prozesuarekin jarraitzera eta bururaino eramatera animatzen du. Azken honek, ETAren armategiaren suntsitzearen bidez, lehenbailehen armagabetze osorako agertokian amaitzeko aitzineko urratsa izan behar du.
Gizarte Foroak, suntsitze eta armagabetze prozesu bat ondoko irizpideak betez burutzeko beharra berresten du:
• biztanleriarekiko segurtasuna,
• prozesua osoki burutu dadin armen eta lehergaien kontrola,
• ahal den heinean gardentasuna gizarteari aurrera pausoen berri emanez,
• behar baino luzeagoa izan ez dadin aurrez adosturiko egutegi baten baitan denboran iraunkortasuna duena,
• tartean direnentzako ingurune segurua,
• mandatu argi bidez prozesuan sartuak diren eragileen zilegitasuna,
• zuzenean ukiturikoen onespen eta borondatea,
• prozesuaren garapena neutrala izan dadin nazioarteko gidaritza,
• ukitutako gizarte zibilaren parte hartzea.
Hartara, frantses eta espainol gobernuei armen, munizioen eta lehergaien suntsitzeko lana errazteko, edo bederen ez oztopatzeko, deia luzatzen diegu berriz ere.
Gizarte Foroak, armen suntsitze prozesuak NEBean oinarrituko den Gidaritza edo Egiaztatze Batzorde bat (gaur egun NEBaren mandatua armen, munizioen eta lehergaien zigilatze eta baliaezin bihurtzearen egiaztatzeari buruzkoa baita) eta euskal instituzioen, gizarte zibilaren eta Nazioarteko komunitatearen babesa ere behar duela deritzo. Ezinbestekoa da prozesu honek euskal gizarteari, ukituak diren estatuei eta Nazioarteko Komunitateari segurtasuna eman diezaion, horretarako hurrengo ekimenak garatuz:
• Adierazi dugunean oinarriturik, Euskal eta Nafar parlamentuetan Gidaritza edo Egiaztatze Batzordearekin lotura egiteko mekaniskoak sortzea egokia litzatekeela deritzogu, armagabetze eta armen suntsitze prozesuaren jarraipen diskretua egiteko asmoz. Ipar Euskal Herriko hautetsiekin ezaugarri berak lituzkeen batzorde bat osatu beharko litzateke.
• Halaber, egokia litzateke ere Euskal eta Nafar Gobernuetik mekaniskoak sortzea. Bi lurralde autonomikoek segurtasun eta ordena publikoaren inguruan eskumenak kontuan harturik, egokia litzateke aipatu juridikzioetan armagabetze osoa egiaztatuko luketen tresnak izatea.
• Aurretik aipaturikoen eta gizarte zibil antolatuaren arteko elkartzerako eta loturarako markoa sortzea. Gizarte Foro honek eta osatzen duten antolakundeek NEBarekin, Instituzioekin eta ikutuak diren aktoreekin lan egiteko prestutasuna agertzen dute.
• Era berean, NEBak Europako eta nazioarteko instantziak armagabetzearen eta armen suntsitzearen inguruan informatu beharko lituzkeela eta hauekin mintzatu beharko lukeela deritzogu, armen, munizioen eta lehergaien suntsitze prozesu bat berri ona baita Europako biztanleria guztiarentzat.
Donostia-San Sebastian,
2016ko Otsailaren 26a
Lokarri (2013)