Urriaren 18ko Adierazpenari buruzko irakurketa
Bake Bidea eta Bakegileek urrats garrantzitsu eta beharrezko gisa baloratu nahi dugu ezker independentistak atzo egindako “Urriaren 18ko Adierazpena”, duela hamar urte hartutako erabakia berresten duena, eragindako kalteak onartzen dituena, ETAren biktimekiko enpatia eta hurbiltasuna adierazten duena, biktima guztiek errekonozimendurako eta konponketarako duten eskubidea bere gain hartzen duena, eta presoentzat konponbidea aurkitzearen garrantzia azpimarratzen duena.
Eragile instituzional, politiko, sozial eta sindikal guztiei dei egiten diegu deklarazio honek merezi duen balioa eman diezaioten Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrenean eta urriaren 20aren bezperan, ETAk “bere jarduera armatuaren amaiera” iragarri zuenean.
Asteburu honetan, Euskal Herriko gizarteak eta Estatuek, gatazkaz duten pertzepzio antagonikoa nabarmendu da. Euskal Herrian, elkarbizitzarako nahia, justua eta iraunkorra, handitu besterik ez da egiten. Orain, estatuei dagokie euskal gizarteak nahi duenari aldeko erantzuna ematea.
Urriaren 16ko Baionako konferentzian gehiengo politikoak eta gizarte zibilak adierazitakoaren arabera, Ion Parot eta Jakes Esnal berehala askatzeko eta presoen auziari irtenbidea emateko eskatzen dugu. Euskal gizartea prest dago elkarrizketarako urrats guztiak emateko, gero gatazkaren biktima guztiak onartzeko bidea irekitzeko eta gatazkaren konponbide intergrala eraikitzeko.