Ekainaren 11 manifestaldia Baionan
2022ko apirilaren 8an, bost urte bete ziren E.T.A.ren armagabetzea Euskal Herriko jendarte zibilak babesturiko keinu sinboliko eta publiko baten bidez gauzatu zenetik.
Apirilaren 8ko egun hartan, Jakes Esnal, Jon eta Unai Parotek 32 urte zeramatzen presondegian. Hiru euskal preso politiko hauek aske egoteko aukera lukete ez balitzaizkie manera arbitrarioan salbuespen neurriak aplikatu. Aieteko Nazioarteko bake konferentzia iragan eta hamar urte baino gehiagora, bi errealitatearen parean karrika itsu batean segitzen du prozesuak: alde batetik, euskal jendarte batuaren arraildurarik gabeko engaiamendu demokratiko eta anitza; bestetik, frantses autoritateen mespretxu eta isiltasuna.
Errepublikako lehendakariak ezin du bere azken agintaldiko axolagabekeria eta isiltasuna errepikatu. Larrialdi-neurriak hartu eta Euskal Herriko jendarte zibilaren zein hautetsien bakerako deiari erantzun behar dio. Biktima guztien sufrimenduaren aitortza eta preso nahiz iheslarien egoeraren konponbidea helburu, elkarrizketa eta justiziaren norabidean doazen keinuak espero ditugu.
Momentu erabakigarria heldu da Jon Parot eta Jakes Esnalendako. Jonen eta Jakesen baldintzapeko askatasun galdeak aztertzeko bi audientzia iragan dira, hurrenez hurren, maiatzaren 13 eta 19an. 70 urte baino gehiago izanik eta presondegian 32 urte pasa ondotik, bien askatasuna ebazteko garaia da, mesedezko traturik gabe, justiziazko neurri gisa baizik.
Audientzien bezperetan, Bakegileek eta Bakebideak, Giza Eskubideen Ligaren laguntzarekin, manifestazio bat antolatuko dute ekainaren 11rako Baionan. Bake prozesua sustengatu eta berrabiatzeko xedez, lurralde honetako hautetsi eta herritarren batasunaren adierazpena izanen da mobilizazioa.
Bada garaia!
Manifestaldia arratsaldeko 5etan abiatuko da Laugatik baionan.
Manifa ondotik Patxa plazan sustengu kontzertuak Andoni Oliokiegi, Kaxkatu eta DJ Elepunto.