Frantziako Euskal Herriko elkarrizketa taldea
2011ko urriaren 17an, Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zen Donostian. Konferentziaren bukaeran “Aieteko deklarazioa” izenpetu zuten nazioarteko gatazken konponketa lanetan diharduten hainbat buruzagik.
Frantziako Euskal Herriko[1] hautetsi edota alderdi baten ordezkari garenok onespena eman diegu, bakoitzaren izenean ala gure alderdien izenean, Aieteko deklarazioari bai eta honek biltzen dituen puntuei ere, testu horrek balio zuelako trantsiziozko bide orri gisa bakerako bidean. Horrek bultzatu gaitu elkarren arteko lan baten eramatera Aietez geroztik, 2011ko urriaren 20an ETA-k eman zuen su etenaren ondorioz hasitako bake prozesuari ekarpen baten egiteko gure engaiamendu azkarraren bidez.
Elkarrizketa prozesu horretan, Aieteko deklarazioan aurkitzen ziren puntuak garatu ditugu eta bake prozesuari ekar geniokeenaz gogoeta bat eraman dugu. Hemen aurkezten dugun dokumentuan puntu ainitzetan lortu dugun adostasuna nabaritzen da. Proposamenak ere ekartzen ditu, gure ustez Frantziako Euskal Herriko jendartean onarpen zabala lor lezaketenak.
Gure nahia bidean den prozesuari ekarpen baikor baten egitea da, elkarbizitzaren alde neurrien hartzeko egiazko aukeren argitara ekartzea eta bake iraunkor baten oinarri sendoen abiatzea Euskal Herri osoan.
Dokumentua izenpetzen dutenak :
Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza (alderdi zentrista)
Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapeza eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakari ordea (PS)
Max Brisson, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko kidea, Miarritzeko herri hautetsia
Frédérique Espagnac, Pirinio Atlantikoetako senataria (PS)
Jean-Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoetako senataria, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko kidea eta Hautetsien Kontseiluko lehendakaria (alderdi zentrista).
Xabi Larralde, Sortuko arduraduna Ipar Euskal Herrian
Jakes Bortayrou, Abertzaleen Batasuneko arduraduna
Michel Larralde, CFDT Euskal Herriko idazkari nagusia
Jean Lissar, Europa Ekologia Berdeak (EELV) Euskal Herriko bozemailea
Marc Oxibar
Jean-Pierre Etcheverry, CFDT Euskal Herriko idazkaritzako kide
Adosturiko dokumentua
1. Frantziako gobernu eta ETAren arteko elkarrizketa
Gatazkaren konponketan Frantziaren parte hartzea beharrezkoa izanik, Frantziako gobernuak ETArekin elkarrizketaren partaide izan behar du. Lehen denbora batean, eta elkarrizketak ahal bezain ongi pasa daitezen, maila pribatu batean eginen dira. Aurrerapauso nabarmenak emanak izanen direnean, orduan maila publiko batera pasa daitezke.
Ondoko puntuak aipa daitezke elkarrizketa prozesu horretan :
A) Gaurko marko juridikoaren barnean eta Giza eskubideak errespetatuz hartu daitezkeen neurriak :
· Auziperatuak izan diren preso guztien bai eta auziaren zain diren presoen hurbilketa, elkartzea eta preso sartua den pertsonaren eskubideen salbuespenik gabeko aplikazioa.
· Baldintzapeko edo behin-behineko askatasun neurriak ukan ditzaketen pertsonen libratzea, eri diren edota kondena bukatzear duten presoenak ere.
· Presoen ber gizarteratze plan bat (lana, etxebizitza, erretretarako laguntzak…) Erakunde publikoek apailaturik.
B) Adostasun politikoa eta marko juridiko berria eskatuko duten neurriak :
· Instantzia berezitu baten sorrera, ondoko auziak trinkatzeko :
-kondena ukana duten bainan baldintzapeko askatasun neurririk eska ez dezaketen presoen askapenerako baldintzak bai eta auziaren zain bainan behin-behineko libratzea lortzen ahal ez dutenenak ere.
– errefuxiatuek beraien bizilekuaren libreki hautatzeko eskubidea
– Prozedura polizial eta juridikoen gelditzea ETA-ko militanteen aurka eta hauen egoeren ikertzea kasuz kasu.
– Delitu politikoen kentzea Euroaginduaren aplikaziotik.
– Euskal gatazkari loturik dauden kasuetan Euroaginduen aplikazioan derogazio sistema bat sortzea.
· Epe luzean amnistia lege baten sortzea euskal gatazkari loturik dauden kasuentzat.
C) ETAren jardun armatuaren bukaerari lotutako neurriak
· Nazioartearen kontrolpean Frantziako gobernu eta ETAren arteko akordioa, Frantzian ETA-ko azpiegiturak nola desegin eta desarmatu argituko dituzten baldintza eta egin moldeen definitzeko eta bururaino eramateko.
2. Gatazkaren ondorioak eta berradiskidetzea
“Egia eta berradiskidetzea” motako berezilari talde bat sortu behar litzateke, gatazkari lotutako gertakariak argitzeko, biktima guztien sufrikarioaz ezagupen orokorra bermatzeko eta xuxentze/ordaintze bide ezberdinen definitzeko (soziala, ekonomikoa…).
Berradiskidetze arazo aipatu behar litzateke bake prozesuaren hasieratik eta prozesuan inplikatuak diren aktore bakoitzaren erritmoak errespetatuz.
Prozesu horretan gobernuen engaiamendua nahitaezkoa izanen da.
3. Frantziako Euskal Herriaren kuadro juridiko, politiko eta instituzionala
Frantzia mailan, deszentralizazioaren legearen 3. urratsak eztabada ideki du eta Frantziako Euskal Herriarendako koadro instituzional egokiena definitzeko aukera eman du : estatutu bereziko lurralde kolektibitatea. Lurralde kolektibitatearen proposamenak adostasun politiko zabala eta jendartearen inplikazio azkarra lortu ditu.
Instituzioen antolaketaren arloan lege aldaketa garrantzitsuak oraindik etortzekoak direlarik, gaur egun beste aukera batzuk ere eztabaidatzen ari dira.
Hala izanik ere, Frantziako Euskal Herriari marko instituzional berezi baten ematea bake iraunkorra bermatzeko etapa baikorra izanen da.
2014ko urriak 24ean, Baionan izenpetua