Euskal Herriko bakearen aldeko Konferentziaren Kapitulu Argentinarra

2014-12-04

Perez Esquivel, Nora Cortiñas, Alberto Spektorowski eta Paul Rios
“Euskal Herriko bakearen aldeko Konferentziaren Kapitulu Argentinarrean” bildutakook eta adierazpen hau izenpetzen dugun pertsona eta erakundeok bat gatoz Euskal Herriak bizi duen momentu politikoa historikotzat seinalatzerakoan. Hainbat Nobel saridunek sinatutako Bruselako Adierazpenak (2010eko martxoa), Gernikako Akordioak (2010eko iraila), Ezker Abertzalearen eztabaidak eta bide esklusiboki politiko eta demokratikoen aldeko apustu aldebakarrekoak, ETAk bere indarkeriari behin betiko amaiera jartzeko erabakiaz gain, aro politiko berri bat marrazten dute Euskal Herrian, baita espainiar eta frantziar estatuetan ere.

Gure ustez, funtsezkoa izan da aipatutako gertakarien bilakaeran 2011ko urriaren 17an “Donostiako Nazioarteko Konferentzia” burutu izana, Mexikoko 2013ko urriaren 17ko “Bakearen aldeko Topaketa Kontinentala” eta 2014ko ekainaren 5eko Montevideoko “Uruguai Euskal Herriko bakearen alde Topaketa”. Ekitaldi hauek, nazioarteko pertsona esanguratsuen babesa izan zutenak, balio neurtezina izan dute Euskal Herriak momentu honetan behar duen konponbide bilaketaren kontestuan. Horregatik, Argentinatik lekukoa hartu eta “Euskal Herriko bakearen aldeko Konferentziaren Kapitulu Argentinarra” eraikitzeko deia luzatzen dugu.

Donostiako Konferentzian izenpetutako bost puntutako adierazpena -Aieteko Adierazpena bezala ezagutzen dena, hiri horretako Aiete Jauregian egin zelako- bide orri egoki bat dela deritzogu, balio handikoa eta egungo kontestu politikoan indarrean jarraitzen duena, erreferentziazko ekimen bat bilakatu dena gainera bere eduki, ondorio eta hortik aurrera emateko eskatzen dituen pausoengatik.

2011ko urriaren 20an, ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen eta Espainia eta Frantziako gobernuekin elkarrizketak hastea eskatu zuen esklusiboki “gatazkaren ondoriei” buruz aritzeko. “Gatazkaren ondorioak” terminoaren atzean preso, biktima eta desarmearen inguruko gaiak barne hartzen dira. Modu horretan agenda politikoa euskal gizartearen ordezkarien esparruan kokatzen da bete-betean.

Aproposa iruditzen zaigu Donostiako Konferentziako edukien iraungikortasuna azpimarratzea eta inplikatutako alde guztiei -ETA, gobernuak, erakundeak, alderdi politikoak eta gizarte zibila- bizikidetzaren oinarri solidoak ezartzeko elkarrizketa ariketa bat sustatzeko dei egiten diegu. Presoen egoerari buruzko neurrien gaiari heltzeko gonbit egiten diegu.

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egindako lana pozez hartzen dugu, batez ere azken honek 2014ko otsailaren 21ean jakinarazitako albistea, ETAk bere “arma, munizio eta lehergailuen zigilatzea eta erabilera operatiboz kanpo jartzeko aldebakarreko prozesua” hasi zuela iragarriz.

Nazioarteko beste kide batzuek egindako deiarekin bat egiten dugu Espainiako eta Frantziako gobernuei desarme prozesuan parte hartzeko eskatuz, prozesua modu adostu, egiaztatu, ordenatu eta kontrolatuan burutzeko moduko esparru bat bermatuz.

Gai horiekin lotuta oso positibotzat jotzen ditugu 2013ko maiatzean “Euskal Herrian bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak” Donostian argitaratutako gomendioak eta horien inplementazio azkarra bultzatzera animatzen dugu.

Atzerapenik gabe jardutea exijitzen digun aro politiko baten aurrean gaude. Bakearen bide eta izpirituari bide emateak, indarraren eta borrokaren logikaren gainetik, esfortzu eraikitzaile bat eskatzen duela deritzogu, non gaindiezintzat jotzen diren oztopo eta aitzakiek ez duten balio. Esandako guztiagatik, alde guztiei Euskal Herrian bake justu eta iraunkor bat eraikitzeko lanean inplikatzeko dei egiten diegu eta horretarako 2011ko urriaren 17an Donostiako Nazioarteko Bake Konferentziako Adierazpenak suposatzen duen bide orriaren aplikazioa gomendatzen dugu.

Buenos Aires, 2014

SINATZAILEEN ZERRENDA:

305 pertsona esanguratsuk egin dute bat manifestu honekin: hainbat alderditako eta arku politiko nazional eta probintzialeko politikari ezagunek, FPV, UNEN, GEN, Libres del Sur, Unidad Popular eta Proyecto Sur-eko kideek, baita kultur arloko, giza eskubide erakundeetako, gizarte zibileko pertsona nabarmenek eta euskal diasporako erreferente eta erakundeek ere. Kontsultatu hemen zerrenda osoa.

Buenos Aires probintziako Arartekoak ere bere sostengua agertu dio manifestu honi. Hemen irakur dezakezu bere atxikimendua.