Mintegia: “Presoak eta bake prozesua”

2016 – Parise -Sorbona Unibertsitatea

Joana Etchartekin (Paris-Sorbona Unibertsitatea, MAPS/HDE EA 4086 Ikerketa taldea) batera antolatua

 

irland-parise

 

2016ko urtarrilaren 27an, “presoak eta bake prozesua” izenburua zuen mintegia iragan zen Paris-Sorbona Unibertsitatean.

 

Joana Etchartek (Paris-Sorbona Unibertsitatea, MAPS/HDE EA 4086 Ikerketa taldea) eta Bakebideak (Bake prozesuaren aldeko mugimendu zibila) Irlandako Ikerketa Institutuko (Institute of Irish Studies, University of Liverpool) ikerlariekin elkarlanean antolaturiko mintegian, presoek bake prozesuan duten tokia, hauen estatutua eta gatazkatik bakerako trantsizioan joka dezaketen rola aipatu zituzten.

 

Hizlariak ziren:

 

    • Kieran McEVOY, Belfasteko Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea (Queens University Belfast)
    • Nicolas FERRAN, Observatoire International des Prisons-eko (frantsesez Nazioarteko Presondegietako Behatokia – OIP) Jurista
    • Xantiana CACHENAUT, Baionako abokatua
    • Gabi MOUESCA, Preso ohia, OIPko lehendakari ohia
    • Joana HARAMBOURE, 25 urte baino gehiago gatibu daraman preso baten alaba

 

Moderatzaileak Joana Etchart (Paris-Sorbona MCF) eta Serge Portelli (magistratua) ziren.

 

Afera, bake prozesuaren erronken, oztopoen eta perspektiben inguruan Ipar Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko konparaketa egitea zen. Mintegiaren xedea, bake prozesuan presoen gaiari loturiko erronken eta oztopoen inguruan hausnartzeko asmoz, Ipar-Irlandako, Frantziako eta Euskal Herriko testuingurutik jiniko eragileen artean elkarrizketa irekitzea zen. Bestalde, Ipar Irlandan eta Euskal Herrian marrazten diren perspektibak identifikatzen saiatzeko aukera ere izan zen.

 

Irlandako esperientziaren ekarpena

 

Gai horrek, erronka handia suposatu zuen Ipar-Irlandan, bai trantsizio estrategiaren erdian preso loyalista eta errepublikanoen askatzea ezarri zuten 1998ko bake akordioak izenpetu aitzin eta bai ondoren. Presoen gaiari eskainiriko tartean, Europar Batasunak ere PEACE programen bidez sustatzen duen preso ohien bergizarteratzearen eta hauen herritar bilakatzearen garrantziaz behin eta berriz mintzatu ziren.

 

Mintegiak, ikusmolde horren jazoera eta 1998az geroztik izan duen bilakaera izan zuen aipagai.

 

Belfasteko Unibertsitatean (Queens University Belfast) zuzenbide irakaslea den Kieran McEVOYren arabera, presondegiak gatazkako osagai praktiko eta sinbolikoa izan dira. Oroitarazi zuenez, 30.000 pertsona preso sartu zituzten 1969 eta 1998 urteen artean. Preso eta preso ohiek, IRAren eta Loyalisten indarkeria uztean eragin handia izan zuten.

 

Preso politikoen gaia Euskal Herrian

 

Presoak eta zuzenbidea

 

Euskal presoen egoerari dagokionez, OIPko laguntzaile juridikoa den Nicolas Ferranek, Frantzian presoek haien familiengandik hurbil egoteko duten eskubidearen egoeraz ahozko aurkezpena egin zuen: ez dirudi familiarengandik hurbil egoteko eskubidea aurreikusten duen legerik dagoenik.

 

Zuzenbide arruntean kartzelaldiaren lekua erabaki dezakeen bakarra, neholako helegiterako aukerarik gabe, Kartzela Administrazioa soilik dela gaineratu zuen. Europako Giza Eskubideen Gorteko (EGEG) etorkizuneko erabakiek baizik ez dezakete jurisprudentzia sor eta “presoak haien familiengandik hurbil egoteari buruzko Estatuen ikusmoldea aldatzera behartu”.

 

Baionako abokatu gisa hitza hartzen zuen Xantiana Cachenautek, euskal preso politikoen urruntzearen gaia eta Euskal Herriko egoera politiko perspektiban ezarri zituen. 2011z geroztik aldaketa politikoak egon baziren ere, urruntze neurriak areagotu zirela ohartu zela zioen. Azken hilabeteetan Euskal presoek egin zituzten norbanako hurbiltze galdeen errefusaren aitzinean, administrazio auzitegian helegitea pausatu zuela gehitu zuen, eta hauek onartuak ez balira EGEGera eramateko aukera bazela zehaztu.

 

Euskal preso politikoak, Bake prozesuaren alde engaiatuak

 

Gabi Mouesca preso politiko ohia, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) izenean mintzatu zen, “presoen gaia bake prozesuan, batez ere gai politikoa dela” azpimarratuz.

 

Gabi Mouescak, gatazkaren konponbidean presoen Kolektiboak harturiko engaiamenduak ere gogora ekarri zituen, haien etxeengandik hurbiltzeko galde indibidualak egiteko erabakia bereziki. Bestalde, “Kolektiboak bere burua prozesuko eragile gisa, bake eragile gisa definitzen duela” gehitu zuen. Hartara, presoen hurbilketak presoei, euskal gizartearekin batera, bakearen eraikitze prozesuan aiseago parte hartzeko ahala eman ziezaiekeela azaldu zuen.

 

Bukatzeko, Errepublikako prokuradoreak Crohn eritasun larria duen Lorentxa Guimonen askatze erabakiari helegitea ezarri ziola oroitarazi zuen Gabi Mouescak, “Euskal Herriko historiaren kontrako zentzuan doan” erabaki gisa definituz.

 

Euskal preso politikoei aplikatzen zaien urruntzea: presoendako eta haien senideendako zigor bikoitza

 

Mintegiko azken hitzartzea, 25 urte preso daraman Fréderique Haranbouren alabarena, Joana Haranbourena izan zen.

 

Entzuleei bere egunerokoa helarazi zien, haur bezala sentitu zuena lehenik eta bi haurren amaren ikuspuntutik ondoren. Urruntasunaren eta kartzela mintzategietako intimitate ezaren eta garbitasun ezaren gainetik, bere aitarekin harremanak atxikitzeko erronkari aurre egin behar izan dio eta baita bere haurrek aitatxirekin atxikitzearenari ere. Dispertsioaren politika espezifikoak euskal presoengan, haien senide eta lagunengan duen eragina oroitarazi zuen, eta nola Joanaren amari eritasun larri bat atzeman behar izan zioten Frédérique Haramboure Arleseko kartzelatik Lannemezangora hurbil zezaten.

 

Bestalde, beste senide batzuk bezala, bera ere urte luzeetan preso diren militanteen jarreraz harro zela erran zuen.

 

Azkenik, moderatzaile gisa ari zen Serge Portelli magistratuari egokitu zitzaion hitzaldiarekin bukatzea. Bere aburuz, “Euskal Herriak, eta presoek berek, bake prozesuan aitzina jotzeko borondate argia dute” eta goiz edo berant, “gobernu honek edo beste batek kontuan hartu beharko du hori”. Hala, “bake prozesuak biziki luzeak direla” eta “ ez zela etsi behar eta lanean segitu behar zela” oroitaraziz bururatu zuen.

 

Galderen txanda heldu zelarik, galdera anitz testuinguruari buruzkoak, edo zehazkiago, Euskal Herrian gertatzen ari zen aldaketaren testuinguruari buruzkoak izan ziren. Anitzek, bilakaera horien ezagutza eza islatzen zuten eta Euskal Herrian gertatzen diren aldaketei buruzko eta prozesua bururaino eramateko beharrari buruzko sentsibilizazio eta informazio lana gure lurraldetik kanpo eramateko beharra agerian utzi zuten.