FOROA

Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura

Biarritze – 2017ko martxoaren 17 eta 18 an

 

 

 

Parisen antolatu zen Euskal Herriko bakearen aldeko Konferentzia humanitariotik abantzu bi urte iragan direlarik, etapa bilan bat egitea eta bake prozesuaren aitzina pausuei dagokien perspektiben inguruko hausnarketa gauzatzea garrantzitsua dela deritzogu.

Euskal gizarte zibilak aitzina egiten eta iniziatibaren buru izaten jarraitu du. Elkarteetako kide, sindikatuetako kide, jurista, hautetsi edo herritar soil izanik ere, bakearen aldeko gure ekintza egun guziez indartzen dugu eta, ekimen horretan, gizarte zibilak bere tokia betetzen du. Bestalde, Frantziako eta Espainiako gobernuek bake prozesuan engaiatzeari muzin egiten segitzen dute.

Egoera horren aitzinean, ETA talde armatuaren armagabetze prozesua abiatzeagatik gizarte zibileko bost pertsona atxilotu zituzten 2016ko abenduaren 16an. Horietarik bik, Jean Noel Etcheverry “Txetx”-ek eta Michel Berhocoirigoinek, haien erantzukizunari buru egitea erabaki eta ETAren armagabetze prozesuan engaiatzeko erabakia hartu zuten, Giza Eskubideen Ohorezko Lehendakari den Michel Tubianarekin batean. Desmartxa hori, Euskal gizarte zibilaren gehiengoak ulertu eta sustengatu du.

Euskal Herrian eman zen urrats hori iragan eta hilabete batzuk berantago, hiru “bakearen artisau” horiek eraman zuten ekimena berriz aipatzea eta, elkarrekin, bake prozesu baten baitan armagabetze prozesu batek egiazki zer suposatzen duen ulertzea garrantzitsua dela uste dugu.

Testuinguru berri horrek ireki dituen perspektiben inguruan elkarrekin hausnartuko dugu, bereziki gizarte zibilak bake prozesua aitzinarazteko bete dezakeenari dagokionaz.

KOLONBIAN ABIAN EMANIKO ARMAGABETZE PROZESUA

 

Kolonbiako eta Euskal Herriko gatazka armatuak berdinak ez badira ere, gobernu baten eta talde armatu baten artean izenpeturiko Bake akordio baten plantan ezartzearen nondik norakoak aztertzea interesgarri gerta daitekeela deritzogu.
2016ko abenduaren 26an, 52 urteko gatazka armatuaren ondotik, Kolonbiako gobernuak eta FARC erakunde armatuak Bake akordio bat izenpetu zuten. 2017ko otsailaren 6an, Kolonbiako gobernuaren eta ELN talde armatuaren arteko negoziaketak abiatu ziren. 2016ko urriaren 2an, Kolonbiako gobernuaren eta FARC erakunde armatuaren arteko Bake akordioa ontzat ematen zuen kolonbiar gizarteari galdetzeko egin zen erreferendumean “eza” atera zen irabazle.
Biztanleriaren iritzi nagusia kontuan hartuz, bi protagonistek urrats berri bat eman dute armagabetzea barne zuen bake akordio bat plantan ezarriz. Juan Manuel Santos Lehendakariak FARCen armagabetzea eta desegitea 2017ko ekainaren 1erako iragarri ditu.
Urrats berri hori goretsiz, 2017ko urtarrilean bisita diplomatikoa egiten ari zen Frantses Errepublikako Lehendakari François Hollandek aitzina pausu historiko hori azpimarratu eta armagabetze horretaz mintzatzeko FARC taldeko buruzagi batekin elkartzeko gogoa agertu zuen.

 

EUSKAL HERRIAN: LUHUSO AITZINEKO ETA ONDORENGOA

 

    

 

Euskal Herrian, Aieteko adierazpena eta ETAk jarduera armatua uztea aitzina pausu historikoa izan baziren, 2016ko abenduaren 16an sekula ikusi gabeko urrats berri bat eman zen Luhuson. ETAren armategiaren zati baten neutralizatze prozesua abian emanez, gizarte zibiletik jiniko bost lagun atxilotu zituzten.
Michel Tubianak, Jean Noel Etcheverry “txetx”-ek eta Michel Berhocoirigoinek ETAren armategia suntsitzea erabakitzean hartu zuten erantzukizun politikoa esplikatu zuten eta gizarteko eta politikako eragile gehienek zein lurraldeko hautetsi anitzek, lan horren segida hartzeko engaiamendua hartuz, “bakearen artisauak” sustengatu zituzten hauek abian eman zuten desmartxan.
Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbideak bizi duen blokatze egoera ez onartuz, gero eta herritar gehiago Euskal Herrian abian den bake prozesua eraiki eta bururat eramateko prest agertzen da.
Frantses eta espainol estatuek mantentzen duten errepresiorako jarreraren aitzinean, kontrolatua, ordenatua eta adostua litzatekeen armagabetze prozesu batean engaiatzeari uko egitearen aitzinean, Luhuson, “bakearen artisauek” harturiko iniziatibaren biharamunean, talde sentimendu bat sortu da gizarte zibilaren baitan: Euskal Herriko bake prozesuko bidegurutze den urte batean sartu garen uste osoa dugu.