BLOKATZE EGUNEAN PARTE HARTZEKO IZENA EMAN HEMEN

1. Zergaitik hitz egiten da bake prozesuaz?

50 urte baino gehiago indarkeria eta samina bizi izan ondoren, Europa mendebaldeko azken gatazka armatua konponbide batean sartu zen 2011ko urriaren 17ko Aieteko Nazioarteko Konferentziarekin. Izen handiko nazioarteko pertsonalitate batzuen presentziarekin (Kofi Annan, Pierre Joxe, Bertie Ahern eta Gro Harlem) konferentzia honek oinarri berriak ezartzen ditu bake justua eta iraunkorra lortzeko. Bake prozesu berri bat hasiko da orduan.

2011 Aieteko bake konferentzia Aieten Donostian

Aurreko negoziazio-sekuentziak


Prozesu berri hau ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazio saiakera anitzen ondoren dator. 1989an Aljerren egin zen lehena. 1998an, hogeita hiru erakundek sinatu zuten Lizarra-Garaziko hitzarmena, baina ezin izan ziren gauzatu. Gerora, 2001etik 2007ra, Loiolako prozesua izenpean ezagutzen diren topaketek ere ez dute ezer zehatzik eman.

 

Aieteko nazioarteko konferentzia


Aieteko nazioarteko konferentziak bide orri bat definitu du gatazka gainditzeko eta konpontzeko metodo bat proposatuz. 5 puntutan oinarritzen da, honela idatzita:

1.‐ ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko.

2.‐ Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko.

3.‐ Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.

4.‐ Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.

5.‐ Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu.”

ETAk begi onez jo zuen 2011ko urriaren 20an borroka armatuari behin betiko amaiera ematea.

 

 

2. Gizarte zibila bake prozesuaren motore

Bake Bidea

Aieteko konferentziaren biharamunean, gizarte zibila antolatzen hasi zen. Bake Bidea mugimendu zibila osatzen da eta etengabeko hausnarketa eta mobilizazioa bultzatzen du Euskal Herriko bake prozesuaren nondik norakoen inguruan. Haien aldetik, politikariek bide orri bat eraikitzen dute, prozesua aurrera eramateko eta frantses estatuaren inplikazioa bultzatzeko: Baionako adierazpena izenpetua da.
Zeharkako kontsentsu bat eraikitzen da eta are gehiago indartzen da 2015eko ekainean Parisen egindako konferentzia humanitario baten bidez. Bertan ziren Michel Joinet, Michel Tubiana, Serge Portelli eta Pierre Joxe.

Nahiz eta ETAk azaldu gatazkaren ondorioei buruzko negoziazioa hasteko borondatea duela, ez da pausorik ematen Frantziako eta Espainiako Estatuen partetik. Lurraldeko gehiengo politiko eta sozialaren nahikeria ere ez da entzuna. Prozesua zailtzen da eta bere bideragarritasuna ahultzen hasten da, ondorioak ez baitira landuak (desarmatze prozesua, desmobilizazio eta berrintegrazioak, biktimak, oroimenak, egiak).

 

 

2018 Aragako Bake konferentzia Kanbo

Bake artisauak

Ondorioz, gizarte zibilak bere gain hartzen du prozesua. ETAk desarmearen ardura Michel Berhocoirigoin, Txetx Etcheverry eta Michel Tubianaren esku uzten du. 2016ko abenduaren 16an, Luhuson, desarmeari amaiera emateko prest zeudela, Michel Berhocoirigoin eta Txetx Etcheverry atxilotu zituzten, beste hiru lagunekin batera. Denak dira Euskal Herrian ezagunak, bakearen alde konprometituak. Atxilotu eta biharamunean, manifestazio handi bat egin zen Baionan, milaka herritar eta hautetsi bilduz. Fidantzapean eta zaintzapean aske uzten dituzte, baina gertaerak halako kolpea sortzen du, ezen arazoari irtenbidea eman beharra inoiz baino nabariagoa baita.
50 bat bake artisauen eta hautetsi edo jendarte zibilaren laguntzarekin, 2017ko apirilaren 8an desarmatze eguna antolatzen da. 20.000 pertsona baino gehiago biltzen dira Baionako karriketan, euren presentziaz etapa berri bat zabaltzeko borondatea adieraziz. Goizean, armen gordelekuen koordenatuak Frantziako agintariei ematen zaizkie. Polizia, itxoiten dituzten lekuetara doa, gizarte zibilaren 172 ordezkari zain dituztela. Hori horrela, 3,5 tona arma, lehergailu eta munizio autoritateen esku utziko dira, ETAren kontrolpean den armategi guzia alegia. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAren desarmatze integrala ontzat ematen du.

Geroztik, Bake Bideak, Bakearen Artisauek eta Euskal Herriko delegaritzak etengabe lanean jarraitzen dute, modu boluntarioan eta ez bortitzean, Euskal Herrian bake-prozesua aurrera eramateko.

 

Paris 2017ko abenduaren 9a

3. Gatazkaren ondorioak elkarrizketaren bidez konpontzea


Baionako Adierazpenaren edukiak eta etapak


2014an, Euskal Herriko eta alderdi politiko guztietako alderdietako eledunek, Aieteko adierazpena eta jasotako puntuak onartuz, lanerako konpromiso handia erakutsi zuten bake prozesuari ekarpena egiteko. Baionako Adierazpenaren bidez, benetako aukerak identifikatzen dituzte, elkarbizitzaren aldeko neurriak hartzeko eta Euskal Herriko bake iraunkorra lortzeko oinarriak finkatzeko.

Adierazpen horrek berretsi egiten du Frantziako eta Espainiako Gobernuaren arteko ezinbesteko elkarrizketa, esparru juridikoan eta giza eskubideen errespetuan neurri posibleak hartzeko aukera emanez, baina, era berean, adostasun politikoa eta esparru juridiko berria behar duten neurriak, bai eta ETAren jarduera armatuaren amaierari buruzko neurriak ere markatzen ditu. “Egia eta birgizarteratzea” moduko batzorde bat ezartzea aurreikusten du, gatazkaren ondorioez hitz egiteko eta biktima guztien sufrimendua elkarri aitortzeko. Azkenik, Ipar Euskal Herria esparru instituzional berezi batez hornitzea eskatzen du, bake iraunkorra erdiesteko.

 

Bere sorkuntzaren elkarrizketa-espazioaren balantzea gaur egun


2017ko uztailean elkarrizketa gune bat ireki zen Justizia Ministerioaren eta ordezkaritza plural baten artean (hautetsiak, Bakearen Artisauak). Bere helburua, hasiera batean, salbuespeneko neurriei amaiera ematea zen: urruntzea, DPS bereziki zainduriko presoaren estatusa, baldintzapeko askatasuna, zigorrak etetea. Topaketaren ziklo honi esker, lehen fase batean eta presoekin adostuta eraiki ahal izan da ia preso guztien arteko hurbilketa eta/edo elkartzea (Lannemezan eta Mont-de-Marsanen, gizonezkoentzat, eta Rennesen, nahi zuten emakumeentzat), baita DPS estatutuen gehiengoa kentzea ere. Fase honek bere une txarrak ezagutzen ditu, eta lan pedagogiko handia behar du, batez ere, Justizia eta Espetxe Administrazio Ministerioan.

 

Blokeoa


Hala ere, eta hasiera-hasieratik, eztabaida-gune hori oztopo handi batek markatzen du: dosier horien tratamendua terrorismoaren kontrako ikuspegitik bakarrik egiten da. Hala izan da DPS estatutuen kentzean edo presoen hurbilketan eta bateratzean, eta hala da beti kondenen egokitzapenentzat. Euskal Herriko testuinguru aldaketa erradikala ukatzen da. Ondorioz, ez ditu aintzat hartzen etapa eta aurrerapauso nagusiak (ETAren desarmea, ETAren desegitea 2018ko maiatzaren 3an, elkar bizitzaren inguruko konferentzia, alde guztietako biktimen parte hartzearekin 2019ko ekainean).

Bereziki kezkagarria da PNAT terrorismoaren kontrako auzitegiaren jarrera. Zigor egokitzapenak ahalbidetzen dituzten lehen instantzietako epaileen erabakiak sistematikoki errekurrituz, jarrera sistematizatu eta iraganaren oinarriturikoan gelditzen da. Zigor moldaketei perspektiba oro ixten die eta azkenik, lehen instantzietako epaileen eta Baionako auzitegiaren kontrako da, zeintzuek egoera politiko berriari heltzen baitiote eta zigor horien alde agertzen baitira.

 

Gatazkaren ondorioak: zer da jokoan dena?


-Historia ez dela errepikatuko segurtatzea

Gatazka amaitzeko berme gisa, beligeranteen arteko bake prozesu landu eta berretsia beharrezkoa da. Irlandako prozesua (1998ko apirilaren 10ean sinatua) edo oraintsuago, Kolonbiako prozesua (2016ko abuztuaren 24an) da horren adibide. Hala ere, Euskal Herriko bake prozesuak kasu berezia izaten jarraitzen du. Bake prozesu bakarra da, bi Estatuk, Espainiak eta Frantziak, parte hartzeari uko egin diotena, nahiz eta erakunde bortitz baten borroka armatuaren amaierak zuzenean zerikusia izan.
Hala eta guztiz ere, ETAren desegiteak ospe handia eskuratzen du Genevan eta Kanbon 2018ko maiatzaren 3an eta 4an, atzerriko ordezkaritza garrantzitsu baten eta euskal hautetsi askoren presentziarekin. Euskal Herriaren oraintsuko historiaren zati handi bat ekimen honetan amaitzen da.

Prozesu honen oinarrizko zailtasunetako bat gizarte zibilean hainbeste sufrimendu eragin duten gertaerak ez errepikatzea da. Kezka hori Emmanuel Macron Errepublikako presidenteak partekatzen du, eta honako hau dio Biarritzen 2019ko maiatzaren 17an:
“Euskal arazoa benetako gaia da niretzat. Euskal Herria da, azken urteotan, gatazka konpontzeko eta armetatik ateratzeko eredu. Zer gertatu da? Gorazarre egin behar zaie, bertako hautetsi askori, frantses eta espainiar aldeko hautetsi askori, gogoeta eta adiskidetze lan hori ekartzeko nahia izan baitute. Estatuaren betebeharra mugimenduari laguntzea da. Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu behar dugu”.

Hala ere, Aietetik aurrera eman diren etapa garrantzitsuek ez dute aldaketa erradikalik ekarri euskal gaien tratamenduan.

 

-Kontakizunak, oroimenak eta bizikidetza

Bake prozesuaren helburua ez da iraganari muzin egitea. Baina hortara iritsi diren estatu inplikatuen mailan ulertzea, eta batez ere, ondorioak aztertzea familiengan, presoen familiengan edo biktimen familiengan. Hori da, besteak beste, Bake Bideak finkatu duen lana, konpongarriak izanen diren epe luzeko oinarriak martxan jarriz. Historiako hamarkada odoltsuak ez dira magiaz ixten, goma kolpe batez ezabatzen! Mundu guztia jabetu da bake prozesu bat beharrezkoa dela, “elikatua”, egiaren, justiziaren, konponbidearen eta oroimenaren bila joanez, elkar bizitzara iristeko.

 

Nazioarteko estandarrak

-Presoen gaia munduan zehar: akordio politikoak eta justizia trantsizionala.

Euskal Herriko gaur egun bake prozesuak ez bezala, gatazka armatuak izan dituzten herrialde gehienek akordio politikoak sinatzea lortu dute. Karia hortara lantzen da, presoen askatzearen gaia. Bake-akordioak, su-etenak, adiskidetze-akordioak, gatazka bakoitzak bere irtenbide politikoa aurkitzen du bere testuinguruaren, historiaren edo intentsitatearen arabera. Irabazleen justiziaren eta amnistia orokorraren artean, bitarteko irtenbideak aurkitzen dira akordio politikoen bidez.

Hala, Irlandako gatazkan, Ostiral Santuko akordioari esker, lege espezifiko bat bozkatu ahal izan zen Irlandako Errepublikan eta Britainia Handian, eta Zigorrak Berrikusteko Batzorde bat sortu zen. Hego Afrikan beste konpromiso bat aurkitu zen: Egia eta Adiskidetze Batzorde batek aztertzen zuen Apartheid-en erregimenean egindako ekintzak (eta, beraz, haien egileak) amnistiatu edo ez.

Biktimen familientzat hain mingarria izan daitekeen egoera laguntzeko, beste mekanismo batzuek bermatu behar dituzte haien oinarrizko eskubideak. Horrela ezartzen da plantan duela zenbait urtetik Trantsizio Justizia terminoa gatazkak konpontzeko gaietan. Funtsezko lau zutabetan oinarritzen da: biktima guztientzat justizia, egia, konponketa eta ez errepikatzeko bermea izateko duten eskubidea. Lau zutabe horiek testuinguru bakoitzean deklinatu daitezke, tokian tokiko beharrei hobeki erantzuteko: ez dago errezeta bakarra arlo horretan.

Presoen auzia ez da, beraz, biktimentzako justizia-ukapena, adostasun politiko baten ondorio den eta beste mekanismo batzuk plantan ezartzen diren momentutik. Euskal Herriko bake-prozesuaren bilakaera ikusiz, bereziki akordio politikorik gabeko alde bakarreko desarmearen ondoren, eta nazioarteko esperientziak kontutan izanik ere, ez da ezinezkoa euskal presoen egoera berriz ebaluatzea.

-Justizia Trantsizionala: zer da?

Justizia Trantsizionala (JT) gatazkak konpontzeko mekanismoetan gero eta “modan” dagoen terminologia bat da. Denetariko termino moduko bat bihurtu da. Ulertu behar da Justizia Trantsizionala mekanismo multzo bat dela, ondoko puntuak kontutan hartu behar dituena gatazka baten, iragan bortitzaren, giza eskubideen bortxaketa masiboen kasuan: 1) biktimek beren eskubideak bermatuak izan ditzaten eta zigorgabetasuna ez dadin errotu (Justiziarako eskubidea); 2) neurriak hartzea iraganeko krimenei buruzko argi guztia egiteko (Egiarako eskubidea); 3) biktimentzako konponketa-moduak aurkitzea, baina baita gizarte osoarentzat ere (konponketetarako eskubidea); 4) erakundeetan neurriak hartzea, gatazka eragin duten arrazoiek izateko arrazoirik izan ez dezaten (injustizia, zuzengabetasuna, autoritate-boterea, etab.) indarkeria errepika ez dadin.

Beraz, trantsizio-justizia ez da sinplea: osotasun bat da, denok batera adiskidetzea ahalbidetu behar duten mekanismo-multzoa. Batez ere, ez da erantzun magikoa eta bakarra. Gatazka bakoitzak bere berezitasunak ditu eskualde bakoitzean, eta horiei erantzuteko modua ez da nahitaez Guatemala, Burundi, Kanbodia edo Kanadako bera. Beren oinarrizko kontzeptuan aho batez onartutako mekanismoak badaude, mekanismo horien aplikazioa aldatu egiten da nahitaez, gauzatzen diren testuinguruaren arabera.

 

-Ekintzak eta lan-ardatzak

Euskal gatazkak ez du ezagutzen, ez aho batez onartutako definizioa, ez eta hura izatera eraman zuten arrazoiei buruzko irakurketa komuna ere. Gizarte osoak eta gatazkaren eragile ezberdinek egin beharreko lana da. Hala ere, modu desberdinetan, Pirinioen iparraldean zein hegoaldean, indarkeria ongi adierazi da. Orohar, gatazka bat bloke monolitikotzat hartzen da, baina lurralde bakoitzak, belaunaldi bakoitzak, alderdi interesdun bakoitzak bere esperientzia du gatazkan. Hau da egiteko gelditzen lana: ikuspuntu ezberdinak bildu, memoriak elkarren kontra ezarri gabe. Alderatu egin behar dira, etorkizunari buruzko ikuspegi komuna sortzeko, elkarrekin bizitzeko eta memoria hori hurrengo belaunaldiei erakusteko, frustrazioak arintzeko eta ezagutu ditugun arrazoi berberetan oinarritutako indarkeria-itzulera saihesteko.

Egiaztapen horretatik abiatuta, esan daiteke Euskal Herrian iraganeko gertaeren, horien oinarrien eta ondorioen irakurketa komuna falta dela, baina, batzuetan, eta zenbait egintza edo horien irismena ere ukatzen dela. Honela, trantsizio-justiziako mekanismoak ezartzea justifikatzen da Euskal Herrian, eta gizarteko eragile guztiekin (gazteak, politikoak, elkarteak, biktimak, etab.) sakondu eta alderatu beharreko funtsezko elementu batzuen inguruan artikulatu beharko lirateke. Hortara pistak honako hauek izan daitezke: Euskal Herri osoan (Iparraldean eta Hegoaldean) gertakariak zuzen ezartzea eta kalifikatzea; publiko egitea; haiek partekatzea eta Historiaren irakurketa komunera hurbiltzea; Biktimak biktima gisa onartzea; norbanakoen eta taldeen erantzukizunak onartzea; biktimak erreparatzea (banaka edo taldeka); indarkeria jasan duen lurralde-eremu bakoitzean banakako eta taldeko oroimen-ekimenak bultzatzea erraztea; alde batetik justizia gehiegi (errepresio zabala, jazarpena, presoen sakabanaketa), eta bestetik justiziarik ezaren arteko asimetria murriztea (tortura-kasuak, GAL abar.).

 

4. Zertan da bake prozesua

Blokatzea

Bake-prozesua ez da aitzinatzen, eta, nahiz eta urrats nabarmenak egin diren orain arte, presoen auzia geldirik da.

Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko bi preso zaharrenen egoera da horren adibiderik argiena (1990eko apirilean bizi-arteko kartzela-zigorra ezarri zieten). Eta 71 urtetik gorako bi presoek 32. Urtea bete zuten giltzapeturik 2022ko apirilean. Zigorrak ezartzen dituzten epaileak baldintzapeko askatasunaren aldekoak dira. Baina PNAT terrorismoaren kontrako prokuradoreak, erabaki horiek sistematikoki errekurritzen ditu, irteerari eta birgizarteratzeari uko eginez, eta heriotza-zigorrera eramanez.

Blokeo-egoera horren ondorioz pazientzia agortzen ari da Ipar Euskal Herrian. Frantziako presidenteak egin adierazpenak zergatik ez dira politika penal berri baten aplikapenarekin gauzatu? Badakigu ofizialki banakako dosierretan ezin bada esku hartu ere, egoera orokor bati buruzko jarraibideak eman daitezkeela, egoerak bilakaera erradikal eta positiboa izan duelarik. Kontuan hartzekoa da hori.

Ez dirudi Parisen aldaketarik dagoenik, baina, aldi berean, mugimendu berriak ikusi ziren Madrilen. Euskal Herrira ehun bat preso baino gehiago hurbiltzeak eta presoei esleitutako garduen bilakaerak ikuspegi berriak erakusten dituzte.

Mobilizazio fase berri bat

Prozesuak aurrera egin dezan etapa saihestezina den presoen auzia konpontzeari Estatuak erakusten dion axolagabetasun-sentimenduari aurre egin nahian, bake artisauek eta Bake Bideak fase berri bat jarri zuten abian 2022ko urtarrilaren 8an, Jon Parot eta Jakes Esnal ahal bezain fite askatzeko helburuarekin, eta orohar Frantzia eta Espainiako preso guzientzat konponbide bat atxemaiteko helburuarekin, Unai Paroten kasuan besteak beste.

Fase berri honetan, ekintza indartsuagoak, zehatzagoak, ikusgarriagoak egiten dira, eta horien graduazioa desobedientzia zibilera irits daiteke, bere ezaugarriekin: ekintza pertsonala eta arduratsua da, baina kolektibo batean egiten da, modu publiko, onartu, garden eta ez bortitzean, denen errespetuan. Hurrengo hauteskunde legegileetan, euskal gizartearen ahotsa Estatuko maila gorenean entzunarazi nahi da.

Elkarrekin, hautetsiek, erakundeek, elkarteetako militanteek, beti egin dute indarra bereizten dituena baino biltzen dituena balioesteko. Kontua ez da egin ez duguna konpontzearen zama etorkizuneko belaunaldiei uztea!

Presoak

199 preso dira hego Euskal Herrian, Frantzian eta Espainian kartzelatuak.

%54,5 hego Euskal Herrian. (108 preso)

%35 Espainian (70 preso)

%10,5 Frantzian (21 preso)

%13,5 emazteak dira (27 preso)

%86,5 gizonak dira (172 preso)

Presoen %25ak kondenaren hiru laurdena betea du.

%7,5k eritasun larri bat dute (15 preso, horietarik bat Frantzian)

%12k 60 urte baino gehiago dute (horietarik zazpik 70 urte baino gehiago dute)

%22,5 kondenen bateratze bat izan lezakete europar mailan.